Gizartea -
Zientzia
Hawkingek 100 urteko bizi-itxaropena eman dio gizakiari, Lurra utzi ezean
Mende batean gizakiak beste planeta bat kolonizatu behar duela uste du zientzialariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizakiok beste planeta bat kolonizatu behar dugu 100 urteko epean, hala egin ezean espeziea desagertu egingo delako, Stephen Hawking fisikari teorikoak ohartarazi duenez.
Zientzialariak gizakien etorkizunari buruzko aurreikuspen berriak azalduko ditu BBCk urte amaieran emitituko duen 'Stephen Hawking: Expedition New Earth' dokumentalean, eta, horren ildotik, nabarmenduko du gizakiak 100 urteko epea duela Lur planetatik ihes egiteko, telebista-kate britainiarrak azaldu duenez.
"Klima aldaketa, asteroide batek talka egiteko arriskua, epidemiak, populazioaren hazkundea... Gure planetaren egoera gero eta prekarioagoa da", esan du fisikariak.
Iaz, Hawkingek aurreikusi zuen gizakiak 1.000 urteko epea duela espezia desagertzeko mehatxua heldu arte. Orain, baina, laburtu egin du epe hori, 1.000 urtetik 100era jaitsita.
Hain zuzen ere, zientzialariak mehatxu hauek aipatu zituen: gerra nuklearra, beroketa globala, birusak eta adimen artifiziala.