Gizartea -
Gatazka aireportuetan
Erabakia 'lehenbailehen' hartzeko esan die ministroak kontrolatzaileei
Erabiltzaileen, aire-konpainien eta sektorean bertan eragiten ari diren ziurgabetasunari behingoz amaiera jartzeko eskatu diote USCA sindikatuari.
Erredakzioa
Sustapen ministerioak "lehenbailehen" erabaki bat har dezaten eskatu die kontrolatzaileei eta, ahal den neurrian, erabaki horrekin greba bertan behera uztea. Horretarako hiru aukera eman dizkiete: negoziazio mahaian eztabaidatutako akordioak sinatzea, AENAK proposatutako epaile independentea onartzea edo, azken aukera moduan, grebara joan eta horretarako data bat jartzea.
"Ezin dute zehaztugabeko greba batekin mehatxatu, horrek sortzen duen ziurgabetasunak grebak berak baino kalte handiagoa egiten baitu", esan dute ministerioko bozeramaleek.
Jose Blancoren ministeriotik esan dutenaren arabera, ostiralean egindako bileran, USCAk negoziaketa mahaia utzi zuen, greba bertan behera uzteko deklarazioa sinatzeko eskatu zietenean. Hori egiteko beharrezko gaitasunik ez zutela esan zuten aitzakia modura.
Bilera horretako aktan ageri denez, asteburuan negoziaketekin jarraitzea proposatu zion USCAk AENAri. Horretarako, AENAk greba bertan behera uzteko akordioa sinatzea eskatu zien kontrolatzaileei.
Momentu horretan, USCAk ardura hori bere zuzendaritza batzordeari dagokiela esan zuen, eta ez bileran zeuden ordezkariei.
Gauzak horrela, USCAren zuzendaritza batzordea ostegunean bilduko da eta orduan erabakiko dute grebara deitzea ala ez. Baiezkoa erabakitzen badute, greba ez litzateke abuztuaren 22a baino lehen izango, legeak deia egin eta greba izan arte 10 eguneko epea izatea derrigortzen baitu.