Gizartea -
2016ko uztailaren 7ko erasoa
Fiskalak 22 urte eskatu ditu sanferminetako bortxaketaren akusatuentzat
Halaber, bost akusatuek biktimari 100.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du fiskalak, 'kalte morala' ordaintzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Fiskaltzak 22na urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du iazko sanferminetan emakume bat bortxatu izana egotzita epaitu dituzten bost gizonetako bakoitzarentzat.
Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, fiskalak 18 urte eskatu ditu sexu-eraso delitu jarraituengatik, 2 urte eta 10 hilabete, intimitatearen aurkako delitu batengatik, eta 2 urte, larderiaz egindako lapurretagatik.
Halaber, biktimarengana —500 metro baino gutxiagora— gerturatzeko debekua, 20 urtean biktimarekin komunikatzeko debekua, eta kartzela zigorra bete ostean 10 urteko zaintzapeko askatasuna betetzea eskatu du fiskalak akusatuentzat.
Gainera, bost akusatuek biktimari 100.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du fiskalak, 'kalte morala' ordaintzeko, eta erantzule zibil zuzen gisa. Horrez gain, Nafarroako Osasunbideari 1.531,37 euroko kalte-ordaina ematea ere galdegin du.
Fiskalak bere akusazio idatzian adierazi duenez, bortxaketagatik akusatutako bost sevillarrek Paulino Caballero kaleko ezkaratz batera sartzera behartu zuten emakumea. Barruan zeudela, "beren nagusitasun fisikoaz", biktimak laguntza eskatzeko zuen ezintasunaz eta gehiago zirela baliatuta, hainbat sexu eraso egin zizkioten. Aldi berean, argazkiak atera zituzten eta erasoa bideoz grabatu zuten. Azkenik eta ezkaratzetik irten aurretik, emakumeari eskuko telefonoa kendu zioten laguntza eskatzeko aukerarik izan ez zezan.
Erasoa 2016ko uztailaren 7ko goizaldeko hirurak aldera gertatu zen eta bost akusatuek festa giroan jarraitu zuten, harik eta ordu batzuk geroago atxilotu zituzten arte.
Defentsa abokatuaren esanetan, ez dago salaketari eusteko frogarik eta absoluzioa eskatuko du guztientzat. Orain aldeek aurkeztu beharko dituzte beren idatziak, tartean, herri akusazio gisa aurkeztu diren Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak. 2016ko sanferminetan neska bati taldean egindako bortxaketaren instrukzioa bukatu zuela iragarri zuen apirilaren 26an Nafarroako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Sekzioak, eta ahozko epaiketa egitea agindu zuen. Segur aski, udazkenean egingo da epaiketa.