Gizartea -
Saria
Azurmendi, munduko jatetxerik onena, 'Elite Traveller' aldizkariaren ustez
Eneko Atxaren jatetxeak lehen postua eskuratu du munduko 100 jatetxe onenen zerrendan.
EITB.EUS
Eneko Atxa sukaldari zornotzarraren Azurmendi jatetxea (Larrabetzu, Bizkaia) munduko onena da, Elite Traveller luxuari eta bizi estiloari buruzko aldizkariaren arabera.
Aldizkari ezagunak Elite Traveler Top 100 Restaurants 2017 zerrenda kaleratu du asteazken honetan.
2013tik munduko 100 jatetxe onenen sailkapena egiten du aldizkariak, eta Azurmendi 2014tik aurreneko postuetan izan bada ere, lehen aldiz jarri dute lehen postuan. Azken lau urteetan, Grant Achatz sukaldariaren Alinea jatetxea (Chicago, AEB) egon da zerrenda horretan buru. Rankinga aldizkariaren irakurleen botoekin egiten dute.
Azurmendi jatetxeak eta Eneko Atxak berak pozez hartu dute albistea. Jatetxearen webgunean jaso dutenez, Atxaren sukaldaritza hazten eta nazioartean zabaltzen ari denean iritsi da saria. Abuztuan ENEKO at One Aldwych jatetxea zabaldu zuen Londresen, eta irailean Eneko Tokyo batuko zaio. Horrez gain, aurki zabalduko ditu ateak ENEKO berriak. Jatetxe berria Azurmendi jatetxea dagoen eremuan bertan dago, baina Gorka Izagirre upategiaren eraikinean.