Gizartea -
Eskola jazarpena
Hezkuntza Saila balizko 'bullying' kasu bat ikertzen ari da Barakaldon
10 urteko neskato baten gurasoek salatu dutenez, haurrak sei ikaskideren erasoa jaso zuen soinketa eskola batean, eta irakasleak ez zuen ezertxo ere egin.
agentziak | erredakzioa
Hezkuntza Sailak Eusko Jaurlaritzaren “bullying” edo eskola jazarpenaren aurkako protokoloa jarri du indarrean Barakaldoko eskola publiko batean, 10 urteko neskato baten gurasoek salaketa jarri ostean.
Adingabearen amak Barakaldoko Udaltzaingoaren aurrean jarri zuen salaketa, eta Ertzaintzak (atestatua egiteko arduraduna) Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi du kasua.
Ustezko biktimaren amak eta izebak publikoki egin dute salaketa iragan asteburuan. Horien arabera, osteguneko soinketa eskolan sei ikaskidek eraso egin zioten haurrari, eta aurpegian harramazkak eta besoan ubeldua eragin zizkioten.
Haurraren azalpenean oinarrituta egindako salaketan jaso dutenez, irakasleak ez zuen ezertxo ere egin erasoaren aurrean.
Lekukotzak aztertu ostean jakingo dute gertakari bakana edo jarraitua ote den. Dena dela, ustezko erasotzaileek 10-11 urte dituzte, eta, horien kontrako neurririk hartuz gero, hezkuntza mailako neurriak izango dira.