Gizartea -
Zubietako erraustegia
Datorren astean hasiko dituzte Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak
Urbaser buru duen aldi baterako enpresa elkarteak eraikiko du errauste planta, eta 30 hilabeteko epean lanak amaitzea espero dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gaur iragarri duenez, datorren astean hasiko dira Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak. Urbaser buru duen aldi baterako enpresa elkarteak eraikiko du errauste planta, eta 30 hilabeteko epean lanak amaitzea espero dute.
Kazetarien aurrean azaldu duenez, "aurreikuspenak betetzen badira, datorren astean hasiko dira lanak". Haren esanetan, hondakinen gaia "korapilatsua" da Gipuzkoa, baina "konponbidean dago dagoeneko".
Lasak azpimarratu duenez, herritarrek birziklatzeko geroz eta kontzientzia handiagoa dute eta horren erakusle ei dira hondakinen gaikako bilketako Gipuzkoako datuak.
Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoak birziklatu ezin diren hondakinak kudeatzeko "eredu abangoardista" bat izango du. Gaineratu duenez, Zubietako instalazioak modernoak eta lehen mailakoak izango dira Europako beste batzuekin alderatuta.