Gizartea -
Mobilizazioak
EAEko hezkuntza publikoan bi greba egun erregistratu dituzte sindikatuek
Astearte honetan iragarri dituzten bi greba egun horietaz gain, sindikatuek manifestazioak deitu dituzte EAEko hiriburuetan maiatzaren 20rako.
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzaren 16 eta 23an EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan lan uzteak egiteko bi greba egunak erregistratu dituzte astearte honetan ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Hala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziatzeko deia luzatu dien arren, greba deialdia bertan behera uzteko proposamen zehatzik ez duela egin ziurtatu dute.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, erregistratu dituzte bi greba deialdiak. Astearte honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko lau kolektibori eragiten diete lan uzteak: irakasleak, Heziketa Bereziko Langileak, Sukaldari eta Garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileak.
Iragarritako greba deialdiak bertan behera utzi eta akordioa bilatzeko asmoz, ostegunean bilera egiteko deia luzatu die Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak sindikatu horietako ordezkariei.
Hezkuntza sailburuarekin bildu aurretik, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek bilera horretara joaten diren erabakitzeko bilduko dira, izan ere, Hezkuntza Sailak ez duela proposamen zehatzik egin salatu dute, eta, ostegunean, soilik irakasleen egoeraren inguruan hitz egiteko prest agertu dela gaineratu dute.
Gauzak horrela, EAEko hezkuntza sistemaren egoerari buruz hitz egiteko eta erabaki zehatzak hartzeko eskaera luzatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari.
Era berean ELA, LAB eta Steilas sindikatuek “hezkuntza inbertsioa handitzea” eskatu diote, “gutxienez Europar Batasuneko batez-beste, progresiboko % 6ra iritsiz”.
Halaber, LOMCE Euskal Herriko ikastetxeetatik atera eta “horren moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea” exijitu dute. Gainera, irakasle gehiago behar direla diote, eta plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra dagoela ziurtatu dute. Ondorioz, behin-behinekotasuna % 40tik % 6ra jaisteko premia ikusi dute. Bestalde, ikasle-ratioak % 10 murriztea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, baita hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea ere.
Astearte honetan iragarri dituzten bi greba egun horietaz gain, sindikatuek manifestazioak deitu dituzte EAEko hiriburuetan maiatzaren 20rako. Ikasleen senideei, ikasleei eta hezkuntza arloko ordezkariei bertan parte hartzeko deia luzatu diete.