Gizartea -
Sexu erasoa Leioan
Leioako erasotzailearen erretratu robota zabaldu du Ertzaintzak
Biktimak emandako datuen arabera, 40 eta 45 urte arteko gizonezkoa da, 1,80 metroko altuera duena, burusoila, argala, baina indartsua.
EITB.EUS
Ertzaintza Leioan 12 urteko neskato bati sexu erasoa egin zion erasotzailearen erretratu robota zabaltzen hasi da.
Nerabeak emandako lekukotzaren arabera, 40 eta 45 urte arteko gizonezkoa da, 1,80 metroko altuera duena, burusoila, argala, baina indartsua. Gainera, erasoaren unean bi egunetako bizarra eta kristal horiko betaurrekoak zituen.
Familiak astelehenean ertzain-etxean aurkeztu zuen salaketaren arabera, Ondiz auzoko kale batean ezezagun batek eraso egin zion neskatoari.
Antza denez, 12 urteko neskatoa ikastolara joan zen astelehenean, eta, eskolak amaitutakoan, etxerako bidean, gizonezko batek jarraitu, bultzatu, labana batekin mehatxatu eta adin txikikoaren aurrean masturbatu egin zen.
Astelehenean bertan, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko eta erasotzailea aurkitzeko.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.