Gizartea -
Suizidioa bultzatzen du
Ertzaintzak ez du Balea Urdina jokoaren kasurik antzeman EAEn
Alarma soziala piztu den arren, ez da frogatu joko honek nazioartean heriotzarik eragin duenik.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak ez du Balea Urdina ustezko jokoaren parte-hartzailerik antzeman Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eusi baieztatu dionez.
Aste honetan bertan ezagutzera eman denez, joko horretan parte hartzen ari zen nerabe bat ospitaleratu dute Bartzelonan. Parte-hartzaileek hainbat erronka gainditu behar dituzte, eta jokoaren azken helmuga suizidioa da.
Antza denez, nerabeek eskuko telefonoaren edota sare sozialen bitartez ?Facebook kasu? talde itxi batera batzeko eta jokoan parte hartzeko mezua jasotzen dute.
Jokoaren parte-hartzaileek hainbat proba gainditu behar dituzte 50 egunetan, beren burua hiltzera arte. Gainera, erronkak gainditu dituztela frogatzeko argazkiak edo bideoak igo behar dituzte sarera. Erronkak gaindituta, azken pausoa suizidioa da.
Hego Amerikako hainbat herrialdeetako Gobernu eta agintariek ?Brasil, Bolivia, Kolonbia, Txile edota Uruguai, kasu?joko horren arriskuez ohartarazi dute.
Jokoaren jatorria argi ez badago ere, zenbaitek diote Errusian duela jatorria.
Benetakoa ala gezurrezkoa?
Facebookeko hainbat taldek jokoa sustatzen badute ere, ez dago frogarik nazioartean joko horrekin lotuta heriotzarik izan den egiaztatzeko.
Albiste faltsuak gezurtatzen dituen Snopes webgune ospetsuak jakinarazi duenez, ez dago suizidioen froga zuzenik, eta azaldu du ustezko heriotzen informazioen jatorria Errusiako Novaya Gazeta egunkariaren albiste baten interpretazio okerra izan daitekeela.
Aholkuak gurasoentzat
Miriam Gonzalez psikologoak EFE agentzian jakinarazi duenez, nerabeek jokaera ez ohikoak edukitzea pista bat izan daiteke, jokoan aritzen diren jakiteko.
Horren haritik, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa funtsezkoa dela azaldu du.
?Komunikazio hori ez da hasten nerabezaroan, etapa guztien landu egin behar da, nerabezaroa aro konplikatua bada ere, nerabeak nortasun propioa bilatzen duelako?, gaineratu du.
Lan egin behar da komunikazioa jarraia izan dadin. Seme-alabek jakin behar dute gurasoek babesa eman dezaketela.
Psikologoaren hitzetan, seme-alaben sare sozialak kontrolatzea ?oso zaila? da; horrenbestez, ?komunikazio irekia? eta ?konfiantza? dira gakoak.