Gizartea -
Bilbao
Ertzaintzak ofizioz jardun du identifikatutako Betisen hiru ultren aurka
Argiketa ireki du eta herritar bati tratu lotsagarria ematea leporatu die hirurei. Argiketa prozesua bukatutakoan, epaileari igorriko dizkio jasotako datu eta zantzuak.
iker gonzalez | eitb.eus
Ertzaintzak ofizioz jardun eta argiketa ireki du atzo, ostegunean, Betisen ultra batek Bilboko erdigunean kafe bat hartzen ari zen gizon baten aurka egindako erasoa (bere lagunek grabatuta eta txalotuta) dela eta. Athleticen eta Betisen arteko partidaren aurretik gertatu zen, Plaza Barrian.
Segurtasun Sailak eitb.eus-i azaldu dioenez, Ertzaintzak herritar bati tratu apalgarria ematea egotzi die atzo erasoaren ostean identifikatu zituen hiru pertsonei.
Argiketaren fasean erasoaren datuak eta zantzuak bildu eta gero, jasotako informazioa epaitegira igorriko du Ertzaintzak, eta epaileak erabakiko du orduan prozesu judiziala irekitzen ote duen.
Erasoa Plaza Barriko Bilbao tabernako terrazan gertatu zen, 12:45ean. Gertatutakoa grabatu zuten eta, ondoren, sare sozialetan zabaldu. Horrezkero, hautsak harrotu zituen han-hemenka, sumindura eraginda.
Bideoan ikus daitekeenez, ultra bat terrazan eserita dagoen gizonezkoarengana hurbildu zen ?antza, zoriz aukeratutakoa? eta "Zu, Gabilondo, Arriba España, zer zara ETA zalea?" esan zion. Segidan, edari bat bota zion, eta jo egin zen gero. Bideoan, grabatzen ari den pertsonaren barre-algarak entzuten dira.
Ertzaintzak atzo bertan identifikatu egin zituen hiru erasotzaileak, baina ondoren aske utzi zituen biktimak salaketarik ez aurkeztea erabaki zuelako.
Ondoren, Real Betis taldeak "irmoki" salatu zuen eta, Twitterren zabaldutako bi mezutan, talde sevillarrak esan zuen erasotzailek "inola ere ez" duela ordezkatzen zalego txuri-berdea. Izan ere, ukabilkada ematen duenak ez zuen ezta sarrerarik ere partidua ikusteko.
Elkartasun bilkura, gaur, Plaza Barrian
Sare Antifaxista plataformak bilkura deitu du erasoa jasan zuen gizonaren alde. Kolektiboak ohar batean jakinarazi duenez, "eraso faxista" salatzeko elkarretaratzea 19:00etan egingo dute Plaza Barrian, gertakaria jaso zen leku berean, hain justu. "Eraso faxistarik ez!" lelopean egingo dute bilkura.