Gizartea -
Erasoa Bilbon
Identifikatu egin dute Betiseko ultra, baina aske dago
Ertzaintzak identifikatuta du Bilbon gizon bati eraso dion ultra, baina ez du atxilotu biktimak salaketa jarri ez duelako.
eitb.eus
Ertzaintzak identifikatu egin du Bilboko Plaza Barrian zegoen gizonezko bati gaur eraso egin dion Betiseko ultra.
Erasoa Plaza Barriko Bilbao tabernako terrazan gertatu da, 12:45ean. Ordu batzuk geroago, Ertzaintzak biktima eta erasotzailea aurkitu ditu. Lehenengoari salaketa jartzeko aukera zuela jakinarazi dio, baina horrek uko egin dio, oraingoz. Erasotzaileari dagokionez, identifikatu egin dute, bere bi lagunekin batera, baina ez dute inor atxilotu.
Ertzaintzak azaldu duenez, biktimak ez du salaketarik jarri, eta, horregatik, auzia itxi egin du, tankera honetako erasoengatik ez baita atxiloketarik egiten.
Sare sozialetan zabaldutako bideoan ikus daitekeenez, gazte bat terrazan eserita dagoen gizonezkoarengana hurbildu da —antza, zoriz aukeratutakoa— eta "Zu, Gabilondo, Arriba España, zer zara ETA zalea?" esan dio. Segidan, edari bat bota dio, eta jo egin du gero. Bideoan, grabatzen ari den pertsonaren barre-algarak entzuten dira.
Irudietan hirugarren pertsona bat barrez ageri da, baina ez du erasoan parte hartzen.
Ertzaintzak baieztatu egin du hiru gizonak Betiseko jarraitzaileak direla.
Athleticek eta Betisek Ligako partida jokatuko dute gaur San Mamesen, eta Ertzaintzaren arabera ez da bestelako istilurik izan.