Gizartea -
Erasoa Plaza Barrian
Betiseko ultra batek gizonezko bat jo du Bilbo erdigunean
Erasotzailea terraza batean zegoen gizon batengana hurbildu da eta eraso egin dio 'ETA zalea' oihukatzen zuen bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Betis futbol taldeko ultra batek Bilboko Plaza Barrian zegoen gizonezko bati gaur egindako erasoa ikertzen ari da Ertzaintza.
Erasoa Plaza Barriko Bilbao tabernako terrazan gertatu da, 12:45ean. Ertzaintzak lekukoen bitartez jasotako informazioaren arabera, Andaluziako doinua zuten hiru gaztek eta terrazan eserita zegoen gizonezko batek elkarri zerbait esan diote eta, gero, gazteetako batek gizona jo du.
Sare sozialetan zabaldutako bideoan ikus daitekeenez, gazte bat terrazan eserita dagoen gizonezkoarengana hurbildu da —antza, zoriz aukeratutakoa— eta "Zu, Gabilondo, Arriba España, zer zara ETA zalea?" esan dio. Segidan, edari bat bota dio, eta jo egin du gero. Bideoan, grabatzen ari den pertsonaren barre-algarak entzuten dira.
Irudietan hirugarren pertsona bat barrez ageri da, baina ez du erasoan parte hartzen.
Ertzaintzak baieztatu egin du hiru gizonak Betiseko jarraitzaileak direla.
Athleticek eta Betisek Ligako partida jokatuko dute gaur San Mamesen, eta Ertzaintzaren arabera ez da bestelako istilurik izan.