Gizartea -
2016ko uztailaren 7ko erasoa
Sanferminetako bortxaketaren ahozko epaiketa egitea agindu du Auzitegiak
Defentsak auzia artxibatzeko egindako eskaera baztertu du Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Sekzioak.
Agentziak | Erredakzioa
2016ko sanferminetan neska bati taldean egindako bortxaketaren instrukzioa bukatu du Nafarroako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Sekzioak, eta ahozko epaiketa egitea agindu du.
Fiskaltzak bost egun ditu akusazio idatzia aurkezteko.
Defentsek auzia artxibatzeko eskaera baztertu du, horrenbestez, Auzitegiak. Bost auzipetuetako hiruren abokatuak argudiatu zuenez, "sumarioan ez dago frogatuta zigor deliturik", eta auzia artxibatzea eskatu zuen. Defentsako beste abokatuaren ustez, "ez dago akusazioari eusteko egozketa-frogarik". Argudio horiek guztiak baztertu ditu Auzitegiak, instrukzio-epaileak abuztuko autoan jasotako eta Auzitegiak gerora berretsitako "kriminaltasun zantzu arrazionalak" aipatuta.
"Defentsek aipatutako arrazoi horiek eta kriminaltasun zantzuak ez datoz bat. Gainera, ez dituzte zantzu horiek zalantzan jartzeko beste ikerketa izapiderik egin", irakur daiteke autoan.
Hori horrela, auzia artxibatzea errefusatu du, eta ahozko epaiketa egitea agindu.
Halaber, Auzitegiak beste auto batean nabarmendu duenez, "aldeek ez diote instrukzio epaileari beste eginbiderik eskatu. Hori horrela, eta orain arte ikerketan jasotakoei erreparatuta, gertatutakoak delitu direla ondoriozta daiteke".