Gizartea -

Bizikidetza saria

Gernikak harrera egin dio Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako ordezkariari

Erkorekak bonbardaketaren 1.600 biktimen aldeko 'keinua' eskatu dio Espainiako Estatuari. Gero, Laguntasun Gutuna sinatu dute Siriako Kobane hiriarekin.

Gorroño eta Jaramillo, Gernikan. Argazkia: Efe
Gorroño eta Jaramillo, Gernikan. Argazkia: Efe
Kolonbiako Gobernuko ordezkaria Sergio Jaramillok Bakearen saria jasoko du

1:58

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak harrera egin dio gaur Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako ordezkariari, Kolonbiako bake prozesuaren sustatzaile nagusietako bati. Habanako elkarrizketei bide eman zien negoziazioetan parte hartu zuen, eta lau urtez aritu zen FARCekin eztabaidatzen Kuban.

Gorroñok azpimarratu du "ausardiaz" jokatu zuela Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, "kontzientziarekin, aukera historikoa galdu gabe, ordain politikoa izango zuela jakinda ere". Era berean, "bake akordioa dohaintza bat da Kolonbiako belaunaldi berrientzat eta mundu osoarentzat", Gorroñoren ustez.

Jaramillok, Juan Manuel Santosen izenean, Bake eta Bizikidetzaren Gernika Saria jasoko du bihar. Berez, Rodrigo Londoño 'Timochenko' FARCen buruarentzat eta Gervasio Sanchez fotokazetariarentzat ere bada saria, eta Jaramillok jakinarazi du Enrique Santiago abokatu espainiarra joango dela FARCen izenean, talde armatuaren aholkulari izan zelako eta paper garrantzitsua jokatu zuelako negoziazioen azken urtean.

Keinua 1.600 biktimekin

Horren aurretik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak "keinu bat" eskatu dio Espainiako Estatuari duela 80 urteko bonbardaketaren 1.600 biktimekin, Alemaniako Gobernuak "barkamena" eskatu zuenean egindako keinuaren parekoa.

Bonbardaketaren urteurrenaren harira egindako ekitaldi instituzionalean egin ditu Erkorekak adierazpenok, eta gaineratu du "mundu guztiak" dakiela Alemaniako hegazkinak ez zirela Gernikaraino iritsiko "Francoren oniritzirik gabe".

Laguntasun Gutuna Kobanerekin

Ekitaldi horren ondoren, alkateak Laguntasun Gutun bat izenpetu du Siriako Kobane hiriarekin, eta bertako bi ordezkari ere bertaratu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gernika-Lumo Albisteak Kolonbia