Gizartea -
80. urteurrena
Hamaika ekitaldi Gernika-Lumon, bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta
Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika sariak Kolonbiako presidenteak, FARCeko buruak eta Gervasio Sancez fotokazetariak jasoko dituzte, apirilaren 26an bertan, urteurrenaren egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Gernika-Lumok makina bat ekitaldi antolatu ditu bonbardaketaren 80. urteurrenaren kariaz. Urrira arte, besteak beste, antzezkizunak, musika ikuskizunak, erakusketak eta Euskadin izandako bonbardaketen inguruko mintegiak egongo dira.
Hasteko, igandean, hilak 22, plaza bati Jose de Labauria izena jarriko diote, bonbardaketa izan zen garaiko alkatearena; martxoaren 25ean, Sergio Jaramill Kolonbiako bakerako goi mandataria jasoko dute eta Adiskidetasun Gutuna sinatuko dute Kobane hiri kurduarekin.
Bestalde, apirilaren 26an, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika sariak banatuko dizkiete aurtengo saridunei, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari, Rodrigo Londoño “Timochenko” FARCeko agintariari eta Gervasio Sancez fotokazetariari.
Hiroshimatik bizirik irtendakoak
Halaber, Hiroshiman eta Nagasakin egindako eraso nuklearretatik bizirik irtendako hainbat lagun Gernikan egongo dira apirilaren 28an, 80. urteurreneko ekitaldietan, Arma Nuklearrik gabeko Mundu baterako Komunikatzaile Bereziak Japoniako Gobernuak izendatutako taldea ordezkatzen.
Talde honetako kideak batetik bestera ibiltzen dira mundu osoan, “arma nuklearren erabilerak zer eragin dituen zuzen azaltzen”.
“Guernica”, Gernikara
Bestalde, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, Pablo Picassoren koadro historikoa Bizkaiko udalerrira eraman dezaten, naziek egindako bonbardaketaren 80. urteurrenarekin bat eginda.
EH Bilduko ordezkarien aburuz, bonbardaketaren 80. urteurrenak “aukera bikaina” eskaintzen du “Guernica behin betiko Gernikara etor dadila” aldarrikatzeko.