Gizartea -
Sutea
Sei ibilgailu kiskali dira Astigarragako enpresa batean
Sua nahita egindakoa izan da, eta 350.000 euroko kalteak eragin dizkio Ekotrade enpresari.
agentziak | erredakzioa
Sute bat izan da gaur goizean Astigarragan (Gipuzkoa), eraikuntzako materiala birziklatzen duen enpresa batean, eta lau kamioi, hondeamakina bat eta atoi bat kiskali dira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sua, nahita egindakoa, 05:00ak aldera piztu dute, Astigarragako Ekotrade enpresan. Eraikuntzako hondakinak birziklatzen ditu Inaxio Berasarte etorbideko enpresa hori.
06:00etarako itzali dituzte sugarrak, baina 08:30ean oraindik garrak hozten ari ziren suhiltzaileak, Donostiako suhiltzaileek azaldu dutenez.
Ekotradek gaitzetsi egin du eraikuntza eta eraiste lanetako hondakinak birziklatzen espezializatuta dagoen Gipuzkoako enpresa bakarrari ustez eragindako "sabotajea", eta kalteak 350.000 eurotik gorakoak izan direla esan du.
Enpresako zuzendaritzak adierazi duenez, "dozena bat lanpostu arriskuan jartzen dituzte horrelako ekintzek", eta lanari berehala ekiteko "pausoak eman ditu", gaineratu du.
Astigarragako Ekotraderen instalazioek urtean 170.000 tona tratatzeko ahalmena dute, eta horien % 90 birziklatzen dira.