Gizartea -
Nafarroa
Lau gazte atxilotu dituzte Arguedasen istripua eragiteagatik
Atxilotuek bide-seinale bi bota zituzten, horrek istripu bat eragin zuen eta ondorioz 17 urteko gazte bat ospitalean dago, egoera oso larrian.
Erredakzioa
Polizia foralak lau gazte atxilotu ditu Arguedasen larubatean izandako istripua eragitea leporatuta. Istripu horren ondorioz, 17 urteko gazte bat oso larri zauritu zen.
Istripua larunbat goizaldeko 03:30etan gertatu zen, Arguedaseko Carlos Arias Navarro kalean. Herriko jaiak hasi berriak ziren eta lau gaztek bide-seinal bi lurrera bota zituzten.
Seinale horietako bat bidera erori zen eta 17 urteko Arguedaseko motorzale batek haren kontra jo zuen eta lurrera jausi zen, buruan kolpe handia hartuz.
Atxilotuak Tuterako Komisaldegian daude epailearen aurrean noiz aurkeztuko zain. Sorospen-eginbeharra ez betetzea leporatzen zaie. Zauritua Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago (ZIU) eta hil egingo balitz, atxilotuei arduragabekeri larriagatik giza hilketa leporatuko litzaieke.