Gizartea -
Omenaldia
Iñigo Cabacasen gurasoek 'justizia bila' jarraituko dute
2012ko apirilean Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hildako gaztearen familiartekoek eta lagunek Bilbon omendu dute, ezbeharraren tokian.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Cabacasen gurasoek eta familiartekoek "justizia egin dadin" lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, 2012ko apirilean Ertzaintzaren gomazko pilotakada batek jota hildako Athleticeko zaleari egindako omenaldian.
Hori adierazi dute 2012ko apirilean hildako gazteari Bilbon egin dioten omenaldian. Athleticek Europa League txapelketako sailkapen partida bat irabazi ostean izandako liskarretan gertatu zen ezbeharra.
Familiak eta lagunek lore sorta ipini dute pilotakada jaso zuen tokian; ondoren, Iraia Amorrortuk, Cabacasen lehengusinak, hiru ertzainen aurka ahozko epaiketa abiatu duen ebazpen judiziala baloratu du.
"Ebazpen honek agerian utzi du poliziaren jarduerak ez duela justifikaziorik, baina, hala ere, errealitatea nahastu nahi duenik bada oraindik", nabarmendu du Amorrortuk, Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialistari erreferentzia eginez. Gertakaria jazo zenean sozialistak zeuden Eusko Jaurlaritzar agintean.
Manuel Cabacas Iñigo Cabacasen aitak ere PSE-EEko bozeramaile parlamentarioa zentsuratu du. "Poliziaren jarduera zergatik justifikatzen duen" galdetzeaz gain, "Iñigoren heriotza zergatik justifikatzen duen" ere planteatu dio.
Athleticeko zalearen familiak "lanean jarraituko duela" berretsi du, "kasua artxiba ez dadin, eta Iñigoren heriotzaren arduradunak epailearen aurrera eramateko".