Gizartea -

Nafarroa

Sutea piztu da Baztango Trilogiaren jatetxean, Elizondon

Lehen zantzuen arabera, Txokoto jatetxeko frijigailuak su hartu du antza, eta ondoren ke-erauzgailura eta tximiniara hedatu da.

Txokoto jatetxea, Baztanen. Argazkia: EiTB
Txokoto jatetxea, Baztanen. Argazkia: EiTB
Sutea izan da Elizondoko Txokoto jatetxean

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizondoko eraikin bateko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte Txokoto jatetxean sute bat piztu eta gero. Hain zuzen, Dolores Redondo idazleak idatzitako eta, duela gutxi zinema aretoetan estreinatutako, Baztango Trilogiako hainbat eszenatan agertzen den jatetxea da.

Sua jatetxeko beheko solairuan piztu da baina, halere, inor ez da zauritu gertaeran.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, suak -kontrolpean dago- kalteak "handiak" eragin ditu jatetxean, gainean dagoen etxebizitza batean eta eraikinaren teilatuan.

SOS Nafarroak 06:31an jaso du abisua eta, horrek Oronozeko suhiltzaileak jakinaren gainean jarri ditu. Ondoren, sua piztu den lekura joan dira suhiltzaileak, ponpa-autoekin, eta parke Zentraleko kideak kamioiarekin, baina ez du esku hartu behar izan. Gainera, Nafarroako Gobernuko guardiako suhiltzaileek ere hara jo dute.

Lehen zantzuen arabera, Txokoto jatetxeko frijigailuak su hartu du antza, eta ondoren ke-erauzgailura eta tximiniara hedatu da, lehen solairuan eta teilatuan kalteak eraginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak gaur Gizartea bideoak Baztan albisteak