Gizartea -

Pablo Ibar auzia

Ibarren kontrako lekukoaren testigantza dudan jarri du aditu batek

Ronald Fisher psikologoak nabarmendu zuenez, Gary Foy lekukoak pertsona jakin bat identifikatzera bultzatu zuen Poliziak.

Pablo Ibar identifikatu zuen lekukoaren testigantza, kolokan

1:06

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibar euskal jatorriko presoaren kontrako epaiketa berria abiatu baino lehen, bi eguneko saioa egiten ari dira Floridako epaitegian (atzo, lehena; gaur, bigarrena). Epaileak hainbat froga eta lekuko onartzen dituen erabaki behar du. Atzo egindakoan, Ronald Fisher psikologo eta taldeko identifikazio saioetan adituak deklaratu zuen, defentsak eskatuta. Fisherren esanetan, aurreko epaiketan Pablo Ibarren kontrako lekuko garrantzitsuena euskal jatorriko gizona identifikatzera bultzatu zuen Poliziak, "nahigabe edo nahita".

1994an hiru pertsona hiltzeagatik heriotza-zigorra ezarri zioten Ibarri 2000. urtean. Iaz, haren kontra zeuden frogak "ahulak eta urriak" zirela onartuta, epaia bertan behera utzi eta beste epaiketa bat egitea agindu zuen Floridako Gorte Gorenak.

Bi izan ziren Ibarren kontrako froga nagusiak. Segurtasun-kamerek grabatutako irudi batzuk, eta hildako emakumeetako baten auzokoak Ibar identifikatu izana. Azken froga hori baliogabetzeko ahaleginak egiten ari da Pablo Ibarren defentsa, eta horretarako deitu zuen deklaratzera Fisher aditua.

Gary Foy lekukoak epaiketan esan zuenez, Ibar omen zen hilketa gertatu zen etxetik kotxean atera zen gizonetako bat. Ronald Fisherren esanetan, Poliziak Ibar identifikatzera bultzatu zuen Foy.

Adituaren esanetan, taldeko identifikazio saioan 20 urteko hiru gazteren artean jarri zuten Ibar, eta horrela hura identifikatzera bultzatu zuten Foy. Gainera, identifikazioa bermatze aldera gerora eman zizkioten argazkietan Ibar eta beste gizon bat bakarrik ageri ziren bizarra kendu gabe, eta horrek "identifikazio artifiziala" egiten lagundu zuen, horren ustez.

Fiskalak gogor egin zuen psikologoaren kontra, eta Fisherren azalpenak "interpretazioak eta espekulazioak" zirela nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Pablo Ibar argazkiak Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa