Gizartea -
Bartzelona
Murrizketen ondorioz hamar gaixo hil ote ziren ikertzen ari dira
Bartzelonako Auzitegiko autoan dauden kasuak ebakuntza bat programatuta zuten gaixoei dagozkie, baina atzeratu egin zieten saio kirurgikoen faltagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako Auzitegiak “beharrezko diren izapideak” egitea eskatu du, 2015eko udan Vall d´Hebron Ospitaleko Kardiologia zerbitzuko hamar gaixoren heriotza murrizketen ondorioz gertatu ziren argitzeko, Europa Pressek jasotako auto judizialaren arabera.
Auzitegiaren ustez, salatutakoak benetan gertatu badira, “baliteke hainbat gizahilketa delitu egin izana, omisioagatik edota zuhurtziagabekeriagatik”, La Vanguardia egunkariak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Auzitegiko autoan jasotako kasuak ebakuntza bat programatuta zuten baina ebakuntza kirurgikoen faltagatik atzeratu zieten edo zuzenean itxarote-zerrendan sartu zituzten gaixoei dagokie.
Auzitegiak aintzat hartu du Manuel Galiñanes Vall d´Hebron Ospitaleko Kirurgia Kardiobaskularreko zerbitzuko buru ohiak jarritako apelazio-helegitea, Bartzelonako 27 zenbakiko instrukzio-epaitegiak 2016ko uztailean artxibatzea erabaki eta Ministerio Fiskalak izapideak artxibatu ostean, “kausalitate-erlaziorik” ez dagoela iritzita.
Galiñanesek jarritako salaketan kontatu zuenez, 2015eko uztailetik aurrera Vall d´Hebroneko Gerentziak murrizketak egin zituen aurrekontuetan, eta horrek baliabide material (ebakuntza-gela eta ebakuntza saioak) eta pertsonal gutxiago izatea eragin zuen. Ondorioz, egunean 15 ebakuntza egitetik astean bi edo hiru egitera pasatu ziren.