Gizartea -

Bartzelona

Iragarki bat debekatu dute emakumea 'objektu gisa' erabiltzeagatik

"Ez dago inolako loturarik aurkeztutako emakumearen gorputz biluziaren eta sustatu nahi den produktuaren artean", epaileak ebatzi duenez.

'Legez kanpokotzat' eta 'lehia bidegabetzat' jo duten iragarkia. Argazkia: FACUA
'Legez kanpokotzat' eta 'lehia bidegabetzat' jo duten iragarkia. Argazkia: FACUA
'Legez kanpokotzat' eta 'lehia bidegabetzat' jo duten iragarkia. Argazkia: FACUA

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Merkataritza arloko 4 zenbakiko Epaitegiak galarazi egin du ilearen tratamendua egiteko produktu baten iragarki bat zabaltzea, emakumea "objektu gisa' erabiltzen duelako eta arreta bereganatzeko elementu bakarra delako. Gainera, horren kontra egin du "legez kanpoko publizitatea" eta "lehia desleiala" dela iritzita.

Gainera, iragarki horrek FACUA kontsumitzaileen eskubideen defentsaren aldeko elkarteak urtero banatzen duen Urteko Iragarkirik Txarrenaren saria "irabazi" du.

"Ez dago inolako loturarik aurkeztutako emakumearen gorputz biluziaren eta sustatu nahi den produktuaren artean", dio epaiak, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Epaileak, hala, Komunikazioaren Erabiltzaileen Elkarteak (AUC) CNCE Innovacion-en aurka jarritako salaketaren alde bat aintzat hartu du.

Era berean, epaia iragarkia "zabaldu zen egunkari berean" publikatzea agindu du, "salatuak ordainduta", leku berean, eta tamaina eta garrantzia berarekin.

Iragarkia 2016ko maiatzaren 5ean publikatu zuten, Estatuan saltzen den egunkari batean, eta emakume bat agertzen da, biluzik, "konnotazio erotiko argiekin", esaldi hauen ondoan: 'Ez zaitez obsesionatu berarekin! Zuk ere halako bat izan dezakezu… Ilea, noski!'.

Epailearen ustean, "iragarkiaren esaldi nagusiek -gorago aipatutako- lotura falta egotea errazten dute", hau da, emakume biluziaren eta ilean tratamendua egiteko produktuaren arteko lotura.

Emakumearen ilea tratamenduarekin lotura izan zezakeen gauza bakarra bada ere, "bigarren mailan" agertzen da, eta ile luzea izatea gorabehera, ezin da bere osotasunean ikusi, sorbaldetatik eta bizkarretik behera dihoakiolako eta erdi estalita agertzen delako.

Salatutako enpresak, aldiz, ukatu egin du iragarkia "sexista, diskriminatzailea eta iraingarria" izatea eta argudiatu du beste iragarki bat duela, gizon batekin, mezu eta ezaugarri berdinekin.

Epaileak erantzun du gizonezko bat egotea ez dela oztopo iragarkia legez kanpokotzat jotzeko, gainera, kontuan hartuta gizonaren iragarkia ez zutela egun horretan publikatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona albisteak Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak