Gizartea -
Gastronomia
Eneko Atxak jatetxe berria irekiko du Tokion
Irailaren 7an irekiko ditu ateak. Munduko jatetxe onenen zerrendan 16. postuan dago Azurmendi jatetxea (Larrabetzu).
Agentziak | Erredakzioa
Eneko Atxa sukaldari zornotzarrak Eneko Tokyo jatetxe berria irekiko du Tokion, irailaren 7an. Atzerrian zabaltzen duen hirugarren jatetxea izango da, eta euskal sukaldaritza berriaz gain Tokioko produktuak dastatzeko aukera egongo da bertan. Larrabetzun (Bizkaia) duen Azurmendi jatetxeak hiru Michelin izar ditu.
2016ko Abuztuan Eneko at One Aldwych jatetxea ireki zuen Londresen, One Aldwych hotelean. Gauzak horrela, atzerrian zabaltzen duen hirugarren jatetxea izango da Tokiokoa, Phuketen (Thailandia) ireki baitzuen lehena (Aziamendi jatetxea). Ohar baten bidez jakitera eman duenez, jatetxe berria Roppongi auzoan egongo da, eta bertako elikagaiak moldatuz plater berriak prestatuko ditu.
Jatetxea bi partetan banatuta egongo da. Areto nagusiak 44 jankide hartzeko tokia izango du, eta sukaldea zabalik izango du. Beste alde batetik, udaberritik udazkenera bitartean beste areto bat irekiko dute kanpoaldean. Halaber, lau sala pribatu izango ditu (balkoi eta guzti). Sukaldea zabalik egongo denez, platerak zuzenean nola prestatzen dituzten ikusteko aukera izango dute jankideek.
Munduko Jatetxe Onenen zerrendan (The World's 50 Best Restaurants), Azurmendi jatetxea 16. postuan dago. Gainera, nazioarteko jatetxerik jasangarriena bezala izendatu zuten. Hiru Michelin izar jaso dituen sukaldari gazteena da Eneko Atxa.