Gizartea -
Trafikatzaile kolonbiarrak
Aburtoren bizkartzain bat atxilotuta, drogaren aurkako operazio batean
Agenteak sei urte eman ditu Bilboko alkateak babesten. Aurreko asteko ostiralean atxilotu zuten. Aburtok esan du atxiloketa "ezusteko handia eta desatsegina" izan dela.
agentziak | erredakzioa
Juan Maria Aburto Bilboko alkatearen bizkartzain bat atxilotu du Guardia Zibilak, droga-trafikatzaile kolonbiarren aurka egindako polizia-operazio batean, operatiboaren berri duten zenbait iturrik Europa Pressi adierazi diotenez.
Agenteak sei urte daramatza Bilboko alkatearen segurtasun-taldean, eta aurreko ostiralean atxilotu zuten hiriburu bizkaitarrean.
Aburtok gaur, asteartean, atxiloketaren berri eman du gaur eta, adierazi duenaren arabera, Guardia Zibilak jakinarazi zion drogaren aurkako operazio "garrantzitsua" burutu zuela eta bizkartzaina tartean zegoela, baina ez zion zehaztu zein neurritan dagoen inplikatuta.
Udaltzaingoaren agentea aske dago, fidantza barik, karguekin eta, Udalak akusazioa ezagutzen duenean, "dagokion prozesua abiaraziko du". Agentea ez dago lanean orain.
Atxilotuak sei urte eman ditu Bilboko alkateak babesten, hau da, Aburto, Ibon Areso eta Iñaki Azkunarentzat egin du lan.
Aburtok azpimarratu nahi izan duenez, Udaltzaingoa "egunero hiritarren segurtasuna zaintzen duen eta lan horretan buru-belarri aritzen den profesionalen talde bat da". "Horren kideetako baten gai pertsonalek ez dute taldearen lan aparta ilundu behar", erantsi du.
Alde pertsonalari dagokionean, Aburtok onartu du "bereziki une zaila" dela berarentzat eta, ustezko errugabetasuna errespetatu nahi badu ere, aitortu egin du atxiloketa "ezusteko handia eta desatsegina" izan dela, aurretik ez baitio "inolako susmo txarrik hartu" eta ez baitu "inolako arazorik izan, ez udaltzain gisa, ezta bizkartzain gisa ere".
"Bilbon soberan daude ordena, elkarbizitza eta segurtasuna okertu nahi dituztenak, edozein izanda ere", esan du alkateak. Bide batez, gogorarazi duenez, Bilbo Espainiako hiri ziurrena da.