Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia larunbatean, 500 metroan elurra egin baitezake
Larunbatean giro iluna espero da eta euria barra-barra egingo du, ia etengabe. Igandean, berriz, eguraldiak hobera egingo du nabarmen.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du larunbat honetan, elurragatik Araban eta Gipuzkoa barnealdean, 00:00etatik 15:00etara. Eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, elurra 500 metroan kokatuko da, bereziki ekialdean.
Goizaldean 1.000 metrotik gora kokatuko den arren, eguneko lehen orduotan elur-kota nabarmen jaitsiko da Araban eta Gipuzkoa barnealdean, bereziki ekialdean. Arratsaldean, aldiz, 1.300-1.400 metrora igoko da.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak zabaldu duenez, larunbatean giro iluna espero da eta euria barra-barra egingo du, ia etengabe; iparraldeko zenbait lekutan prezipitazioa oso ugaria izango da.
Horrez gain, neguko itxura hartuko du egunak eta litekeena da goizean goiz barnealdeko zenbait lekutan elurra egitea.
Kostaldean eta ipar-mendebaldean tenperatura epelagoa izango da eta hango maximoak 10ºC inguruan izango dira. Egunaren hasieran mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean hegoaldera aldatuko da. Azken orduetan atertzera egingo du, batez ere hegoaldean.
Igandean eguraldiak hobera egingo du nabarmen. Tenperatura asko igoko da eta maximoek udaberriko itxura berreskuratuko dute. Hodeiak ugariak izango dira oraindik zeruan baina ateri eutsiko dio eta tarteka eguzkia ikusteko aukera izango dugu ziurrenik. Hego-haizea indartu egingo da eta bolada gogor batzuk espero dira.