Gizartea -

Gipuzkoa

Hungarian atzeman dute Donostiatik semearekin ihes egin zuen emakumea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean egonik, bere haurtxoa hartu eta Errumaniara eraman zuen urtarrilaren hasieran.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako harrera-familia batekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean egonik, urtarrilaren hasieran bere haurtxoa indarrez hartu eta Donostiatik ihes egin zuen emakumea Hungarian atxilotu dute.

Urtarrilaren 5ean, haurtxoaren ama biologikoak auto batean sartu zuen umea, eta, gizon batekin batera, Ipar Euskal Herrirako bidea hartu zuten. Ondoren, Akize herrian (Landak, Frantzia), Poliziaren kontrol batetik ihes egin zuten.

Gerora, haurtxoa Errumanian, amonarekin etxean, aurkitu zuten herrialde horretako agintariek. Bertan jarraitzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundia gertutik jarraitzen ari da haren egoera.

Behin atxilotuta, Hungariako agintariek jakinarazi dute Donostiako epaitegiaren esku utziko dutela emakumea. Adin txikiko bat bahitzea leporatzen diote, eta salaketa horri egin beharko dio aurre.

"Ezohiko" kasua

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak gertaera kasu bakantzat eta ezohikotzat jo zuen, umea "indarrez" kendu baitzioten harrera-sendiaren eta guraso biologikoen artean bitartekari lanak egiten ari zen erakundeari.

Amak eta haurrak bizi zuten egoera latza zelako kendu zion Aldundiak semearen zaintza amari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa Delituak albisteak Gizartea Albisteak Umeak Amak albisteak Hungaria albisteak