Gizartea -
Transfobia
Hazte Oir plataformaren autobusa ez da Gasteizera joan
Autobus transfobikoa Legebiltzarrera joatekoa zela zabaldu da, eta arbuioa adierazteko dozenaka lagun bildu dira.
EiTB.EUS
Dozenaka pertsona Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, bildu dira goizean Hazte Oir plataformaren autobus transfobikoak Arabako hiriburura etortzeko aukeraren aurrean protesta egiteko. 12:30 aldera, baina, ibilgailua agertu ez dela ikusita, bertan behera utzi dute elkarretaratzea.
Feminismoaren eta gay, lesbiana eta transexualen aldeko banderak eskuan, transfobiaren kontrako aldarriak oihukatu dituzte, eta autobusa "ongietorria" ez dela nabarmendu dute.
Zabaldu denez, Hazte Oir plataformako kideek Eusko Legebiltzarrera heldu nahi zuten "adierazpen askatasunaren aldeko agiri bat" emateko (11:00etarako zegoen aurreikusita). Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Andre Maria Zuriaren plazan bi orduz egoteko baimena eskatu omen dute.
Dena dela, elkarte ultrakatolikoaren iturriek EFE albiste agentziari esan diotenez, ez dute datarik ezarri autobusa Euskadin ibiltzeko. Iragarri duten bakarra da ostegunean New Yorken izango direla ibilgailuaren "bertsio estatubatuarra" aurkezteko. Asmoa, diotenez, "NBEk genero eta abortuaren inguruan inposatu nahi duen ideologiaren aurrean, gurasoen askatasuna" aldarrikatzea da.
Iruñean, protesta artean
Atzo Iruñean gertatutakoa ikusita, eta autobusa Gasteizera joan zitekeela eta, elkarretaratzea deitu zuten LGTBI mugimenduak eta Bilgune Feministak Andre Maria Zuriaren plazan, eta "Transfobiarik ez. Alde Hemendik" lelopean. Gaur "adi egoteko" deia egin dute.
Antzeko leloak erabili zituzten asteartean Iruñean autobusaren kontra agertzeko. Dozenaka lagunek oihu artean hartu zuten, eta hirigunetik egindako ibilbidean Espainiako Polizia lagun zuela joan behar izan zuen autobusak. Hazte Oir plataformaren asmoa hori bazen ere, ezin izan zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean geldialdia egin. Halaber, Sarasate pasealekuan, manifestari bat harrapatu zuten ibilgailuak.
Haur transexualen kontrako kanpaina honek herritarren eta alderdi eta erakunde gehienen gaitzespena jaso du. Atzo bertan, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ohar bana atera zuten autobusa arbuiatzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala onartu dute gaur. Bertan nabarmendu dutenez, Hazte Oir plataformaren "mezu eta autobusak ez dira ongietorriak gure kaleetan, gizarte demokratiko baten balore eta printzipioen ?tolerantzia, genero aniztasuna eta aukeratzeko askatasuna, besteak beste? kontrakoak direlako".