Gizartea -
Greba hezkuntzan
Hezkuntza publikoko 30.000 langile grebara deituta daude gaur
Mobilizazio horren bidez, hezkuntzako beharginen lan baldintzak hobetzea eta euskal hezkuntza sistema berri bat eraikitzea aldarrikatu nahi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
30.000 langile grebara deitu daude gaur, asteazkena, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Publikoan, 250.000 ikasle ingururi eragingo dien murrizketen aurka. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek —gehiengo sindikala EAEn— deitu dute greba.
Gaurkoa ez da aste honetan EAEko hezkuntza publikoan deitutako mobilizazio bakarra izango; izan ere, Ikasle Abertzaleak taldeak mobilizazioak egingo ditu ostegunean hezkuntzako erreformen aurka.
Greban parte hartzera deituta dauden langileak hauek dira: irakasleak, haur-eskoletako eta hezkuntza bereziko langileak, eta jangeletako eta garbiketak langileak.
Murrizketei "uko" egitea eta hezkuntzan egin beharreko inbertsio publikoa handitzea eskatzen diete sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, eta hori izango da euskal hiriburuetan egingo diren manifestazioetan egingo duten aldarrikapen nagusia.
Deitzaileek salatu dutenez, 2009-2010 ikasturteaz geroztik 2.000 lanpostu suntsitu dira unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta behin-behinekotasuna % 39koa (9.000 langile) da.
Bestalde, sektorean gutxienez 2.000 lanpostu berri sortzea, 6.000 lanpostu egonkortzea, gelako ikasleen ratioa jaistea, murrizketa guztiak lehengoratzea eta Heziberri proiektua alde batera uztea eskatu dute.
Normaltasuna eta errespetua
Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila greba deitzeko arrazoien kontra agertu da. Azken urteotako krisi ekonomikoak egoera zaildu duen arren, hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean dagoela ziurtatu du, “osasuna eta gizarte zerbitzuekin batera”.
“Euskadik ahalegin handia egin du hezkuntza sistemaren baldintza onenak bermatu ahal izateko, lan arloan ere”, azpimarratu du Hezkuntza sailak.
Gauzak horrela, irakasleen lan-baldintzak egokiak direla ziurtatu du Jaurlaritzak. Soldatei dagokienez eta ikasleen ordutegiari dagokionez ere. Halaber, gela bakoitzean sar daitezkeen gehiengo ikasleei dagokienez ere.
Arrazoi horregatik, greba-eguna normaltasunez igaro ahal izatea espero du Eusko Jaurlaritzak, eta errespetua eskatu du greba egitea erabakitzen dutenentzat zein klasera joatea nahiago dutenentzat ere.