Gizartea -
Agerraldia
75 taldek babestu dute Zubietako erraustegiaren aurkako martxa
Antolatzaileek deia egin dute martxoaren 25erako deitutako manifestazioa 'jendetsua' izan dadin.
Agentziak | Erredakzioa
75 taldek bat egin dute datorren martxoaren 25ean, larunbata, Zubietako erraustegiaren aurka antolatu duten manifestazioaren alde. Antolatzaileek agerraldia egin dute gaur Anoetako estadioaren aurrean, eta ekimena ‘jendetsua’ izan dadin eskatu dute. Anoetatik abiatuko da martxa, "Alternatiba dagoelako, Errausketarik ez!” lemapean.
Hiritarrek diotena entzun dezaten eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, erraustegiaren proiektua "gelditu" eta "hondakinak ondo kudeatzen hasteko". Era berean, erraustegiak "baduela alternatiba" azpimarratu dute. "Alternatiban funtzionatzen duela" berresteaz gain, gipuzkoarrak "erraustegirik gabe hondakinak kudeatzeko gai direla" azpimarratu dute.
"Gipuzkoa punta-puntako lurraldea izan daiteke hondakinak zentzuz eta modu jasangarrian kudeatzen. Dena den, eredu desegokia ere izan daiteke Gipuzkoa, lurralde kutsakorra eta morroia, baldin eta agintariei errausketaren aldeko apustua egiten uzten badiegu", salatu dute agiri batean.