Gizartea -
Vega de Ujon
Bi lagun hil eta beste bost zauritu dira tiroketa batean, Asturiasen
Bi zauritu oso larri dira. Gertakarian su-armak eta arma zuriak erabili dituzte. Herriko zenbait bizilagunen esanetan, bi klanen arteko borroka bat izan da.
Erredakzioa
Bi lagun hil dira arratsaldean, beste bi oso larri zauritu dituzte eta beste hiru zauritu dira su-armekin eta arma zuriekin izandako borroka batean, Ujoko (Asturias) polikiroldegitik gertu. Ujo Mieresko udalerrian dago.
Gertakaria 19:30 aldera jazo da eta lagunetako bat Miereseko Alvarez Buylla ospitalean hil da, bertara eraman ostean, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Beste gorpua 22:00ak aldera altxatu dute, gertakaria jazo den tokian: Polikiroldegiaren eta lau solairuko etxebizitzen auzune baten artean dagoen atsedenlekua.
Bi lagun oso larri zauritu dira, Gobernuko Ordezkaritzak jakitera eman duenez. Beste hiru lagun zauritu dira borrokan.
Hildakoak tiroen ondorioz
Su-armen tiroen ondorioz hil dira biktimak, Oviedoko Guardi Zibilak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.
Bost zaurituak Miereseko Alvarez Buylla, Riañoko (Langreo) Valle del Nalon eta Central de Asturias ospitaletara eraman dituzte.
Borroka
Herriko zenbait bizilagunen hitzetan, bi klanen arteko borroka bat izan da.
Antza denez, urtebetetze festa bat ospatzen ari zen familia bat atsedenleku batean, eta heriotza batengatik lutoan zen beste familia bat gogaitu dute.
Hiru atxilotu
Borrokagatik hiru gizon atxilotu dituzte. Guardia Zibileko iturriek jakinarazi dutenez, gutxienez atxilotutako bat zaurituetako bat da. Hiru gizonezkoak Ujon atxilotu dituzte.