Gizartea -
Bizkaia
EHUk Kazetaritzako Dekanotzan izandako erasoa gaitzetsi du
Errektoretzak esan duenez, ahalegin guztiak egingo ditu Unibertsitatean lan egiten duten pertsona guztien "eskubideak bermatzeko"; eta elkarretaratzea deitu du asteazkenerako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretzak "energia maximoarekin" gatzetsi du burua estalita zuen taldeak Kazetaritzako Dekanotzan egindako erasoa. Elkarretaratzea ere deitu du ekintza hau zentsuratzeko. "Indarkeriaz baliatzen den gutxiengo horrek ez ditu UPV/EHUko ikasleak ezta unibertsitatearen balore etikoak ordezkatzen", azpimarratu du. Errektoretzak esan duenez, behar diren ahalegin guztiak egingo ditu pertsona guztien "eskubideak bermatzeko" beren eguneroko irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa jardueran.
Instituzio akademikoak komunikatu batean esan duenez, astearte honetako 10:00 aldera, burua estalita zuen talde batek pintadak egin ditu Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko barrualdean zein kanpoaldean, eta baita Leioako Bizkaiko Campuseko beste eraikinetan ere.
Ordu batzuk geroago, 13:15ak aldera, fakultateko dekanotzan sartu dira eta artefaktu su-eragile bat bota dute. Deflagrazio bat eta ke laino bat eragin ditu.
Horren ondorioz, tinpanoa kaltetzeagatik langile bat artatu behar izan dute. Segurtasun arrazoiengatik, dekanotzako bulegoetan zeuden pertsonak ebakuatu dituzte.
Elkarretaratzea
EHUk unibertsitateko kide guztiak deitu ditu elkarretaratze batera "era publiko eta baketsuan gertaera horien gaitzespen sendoa erakusteko". Asteazkenean, 13:00etan, izango da elkarretaratzea, erasoa jasan duen fakultatearen aurrean.
Eusko Jaurlaritzaren gaitzespena
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak "gaitzespen irmoa" egin du, eta EHUko errektoretzarekin "erabateko" kolaborazioa erakutsi du. Unibertsitateak "ez dezala etorkizunean berriro gisa honetako erasorik izan, azken aldian jasan behar izan dituen eran" ere eskatu du.
"Euskal gizarteak irmotasunez arbuiatzen ditu gisa honetako erasoak. Unibertsitate-komunitateak ezagutzaren aldeko lanean dihardu, eta ideiak kontrastatzean datza bere sendotasuna, eztabaidan eta hausnarketan. Indarra erabiltzeak eta beldurra eragiteak ez dute lekurik ez euskal gizartean, ezta unibertsitate eremuan ere" gaineratu du.