Gizartea -

Ezbeharra

Hiru pertsona hil dira Azkoitian izandako zirkulazio istripu batean

Gainera, bost zauritu dira, horietako bat, larri. Azkarateko mendatetik gertu jazo da ezbeharra.

Azkaraten gertatu da istripua. Argazkia: Maxixatzen.eus
Azkaraten gertatu da istripua. Argazkia: Maxixatzen.eus
3 hildako eta 5 zauritu Azkoitian izandako istripu batean

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona hil dira eta beste bosti zauritu, horietako bat, larri, Azkoitian (Gipuzkoa) astelehen arratsaldean jazotako zirkulazio istripu batean.

Biktimak identifikatuta dituzte jada, baina oraindik ez dute baieztatu nortzuk diren, familiak ohartarazi arte. Argi dagoen datu bakarra da hildakoetako bat 41 urteko Eibarko gizon bat dela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 17:45ean gertatu da, GI-2634 errepidean, Azkarateko mendatetik gertu. Istripuan guraizearena egin duen kamioi bat eta lau auto nahasi dira.

Hain zuzen ere, Scania kamioi bat eta lau auto (Mercedes Benz 300 bat, Kia Ceed bat, Peugeot 307 bat eta Citroen Xsara Picasso).

Hildakoetako bi (tartean 51 urteko gizon bat) Citroen Xsara Picassoan zihoazen. Ibilgailu horretan 20 urteko mutil bat ere zihoan; larri zauritutako pertsona da, eta Donostia Ospitalera eraman dute.

Hirugarren biktima aipatutako Eibarko bizilaguna da; Peugeot 307an zihoan.

Gainera, zauritutako beste bi 70 eta 68 urteko bi senar-emazte dira (Mercedes Benzen zihoazen).

Azkenean, Kia Ceedean 58 urteko gizon bat eta 22 urteko neska bat zihoazen.

Errepidea guztiz itxita egon da bi noranzkoetan astearteko 03:00ak arte inguruan, orain zabalik dago eta zirkulazioa normaltasunez ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Trafikoa Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak