Gizartea -
Bizkaiko zahar-etxeak
Salaketekin mehatxatu dute zahar-etxeetako erabiltzaileen senideek
Euren senideei eskainitako arretan irregulartasunak antzemanez gero, salaketak aurkezten hasiko direla ohartarazi dute. Zahar-etxeetako langileek 100 egun daramatzate greban.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko zahar-etxeetako erabiltzaileen senitartekoek gaur iragarri dutenez, euren senideei eskainitako zerbitzuan irregulartasunak antzemanez gero, salaketak aurkezten hasiko dira. Zahar-etxeetako langileek 100 egun daramatzate greban.
Larunbat honetan beste manifestazio bat egin dute Bilbon, eta bertan Juani Cespedes erabiltzaileen senideen elkarteko presidenteak ohartarazi duenez, zerbitzuan arreta ezegokia antzeman badute, "salaketak" aurkeztuko dituzte.
Zahar-etxeetako langileek Arriaga plazatik Foru Aldundiraino egin dute martxa, horien esanetan, erakunde horrek duelako gatazka konpontzeko "gakoa". Lan-gatazka horrek zahar-etxeetako 7.500 adinekoei eta 5.000 langileei eragiten die.
Joan den martxoaren 8an lau asteko grebari eutsi zioten, eta iaz 100 egunetan lanuzteak egin zituzten, ELA sindikatuak bultzatuta.
Gaurko protesta hasi aurretik, Gaizka Miguel ELAko ordezkariak adierazi duenez, "patronalak bere jarrera pasiboari eusten dio, dirua irabazten jarraitzen duen bitartean, Bizkaiko Aldundiaren babesarekin, gatazka konpontzeko giltza azken horrek izan arren".