Gizartea -
Auzitegi Nazionala
Amaitu da 'Alakrana' auziaren sumarioa
Bahiketaren inguruan izan zen finantza-sareari buruz ezin izan du ikerketan aurrerapausorik eman Santiago Pedraz epaileak, CNIri eskatutako informazioa jaso ez duelako.
Erredakzioa
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, magistratuak auzia zigor arloko salari bidaliko dio, epaiketa hasteko, eta Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman atxilotutako itsaslapurren auziperatzea baieztatzeko. Epaileak legez kontrako 36 bahiketa delitu leporatu dizkie (bat marinel bakoitzeko), baita lapurreta eta armen erabilera ere.
Hala ere, bahiketaren inguruan izan zen finantza-sareari buruz ezin izan du ikerketan aurrerapausorik eman Auzitegi Nazionaleko epaileak, erreskate baten ordainketa posible bati buruz CNIri eskatutako informazioa jaso ez duelako.
Informazio sekretua
CNIren dokumentazioa jaso ez duela ikusita, eta fiskalak Pedrazi Gobernuari jotzeko ez dionez eskatu, sumarioa amaitzea erabaki du epaileak. Fiskalak eskatuta, Auzitegi Nazionaleko epaileak informazio sekretu hori ezagutzera ematea eska zezakeen.
Pedrazek arrantza-ontziaren bahiketaren inguruko sumarioa bukatzea erabakitzen duen bigarren aldia da, izan ere, azaroaren 17an zigor arloko salaren eskuetan utzi zuen bi piraten auzia auto baten bidez.
Azkenik, otsailaren 9an ikerketa berriro zabaltzea agindu zion salak Pedrazi froga berriak egiteko, lau arrantzalek eskatu bezala.