Gizartea -
Autobus transfobikoa
Gipuzkoako Fiskaltza HazteOirren kanpaina ikertzen ari da
HazteOir plataformaren mezuak "gorrotora" gonbidatzen zuela eta "aurreiritziak" sortzen zituela ulertzen dute Gehituk, Errespetuzek, Ampgyl-k eta EHUko LGTB Ligak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
HazteOir plataformaren autobus trasfobikoaren kanpainan "gorroto delitua dagoen" ikertzen ari da Gipuzkoako Fiskaltza, Gehituren arabera. Azkenean, autobusa ez da Donostiara eta Bilbora joan.
Autobusak martxoaren lehenengo erdialdean euskal hiriburuak eta Nafarroako hiriburua bisitatu behar zituela jakin zutenean, Gehitu, Errespetuz, Ampgyl eta EHUko LGTB Liga elkarteek martxoaren 2an egin zuten eskaerari Ministerio Publikoak eman duen erantzuna da hau.
"Mutilek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina. Gizona bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hori izaten jarraituko duzu" esaten zuen plataformaren mezuak, eta elkarteek LGTBI pertsonenganako "gorrotora" gonbidatzen zuela eta "aurreiritziak" sortzen zituela ulertzen dute.
Erakundeentzat "Transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Eusko Jaurlaritzaren Legeak bideratu dituen Giza Eskubideen politiketatik urrun dago" HazteOirren kanpaina, eta Fiskaltzaren babesa eskatu zuten.