Gizartea -
Hezkuntza saila
Eskola jazarpen kasuak bikoiztu egin ziren iaz, Jaurlaritzaren arabera
121 kasu zenbatu zituzten guztira, salatutakoen % 25 inguru. DBHn gertatzen dira jazarpen gehien.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 121 eskola jazarpen kasu baieztatu zituen 2015-2016 ikasturtean, hau da, aurreko urteko kasuen ia bikoitza.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin eta Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako buruarekin batera, 2015-2016 ikasturtean eskola jazarpenak Euskadin izan duen bilakaera aurkeztu du gaur, osteguna, goizean.
Jaurlaritzak oharraren arabera, datuetan ikus daitekeenez, aztertutako kasuen kopuruan igoera handia izan da, ia-ia aurreko ikasturteko kopuruak bikoiztuz.
Hezkuntza Sailburuaren aburuz, jazarpen gisa identifikatu diren kasuak ugaritzeak ez du esan nahi gero eta jazarpen edo ekintza bortitz gehiago gertatzen denik, baizik eta gizarteak, oro har, eta hezkuntza komunitateak, bereziki, jazarpenarekiko tolerantzia maila jaitsi egin duela.
"Orain kasu gehiago gertatzen dela esan nahi ote du horrek? Kasu gehiago identifikatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi ikastetxeetan jazarpenaren hazkundea gertatu denik. Guk ezetz uste dugu. Ziurrenik guztiok, bai Ikuskaritzak, ikastetxeek, familiek eta ikasleek eurek ere bai, onarpenaren langa mugitu egin dute. Lehen jazarpentzat hartzen ez zen ekintza, orain halakotzat har daiteke. Orain urte batzuk behar beste garrantzia ematen ez zitzaion horri, orain ematen zaio. Eta horrelaxe behar du", esan du Uriartek.
DBHn gertatzen da kasurik gehien, nahiz eta Lehen Hezkuntzako azken etapako kopurua ere esanguratsua izan.
Kasuen izaerak aztertuz, gehien gertatzen direnak hitzezko erasoak dira, kasuen % 43; bazterketa soziala, %25; kasuen % 16 eraso fisikoak dira; % 11,6 beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak; % 4, bestelako kasu batzuk eta, azkenik, % 1 baino gutxiago dira jazarpen edo abusu sexuala, edo jazarpen sexista.
Bestalde, kasuen % 23an zerikusia izan dutela Internet edo sare sozialek. Ciberbullying-a ere, tamalez, errealitatea da, ez guztiz berria, baina protagonista izaten jarraitzen du jazarpen gisa konfirmatu diren jarreren artean.
Zeuk Esan telefonoa
Euskadik badu, duela zazpi urte ingurutik hona, haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa. ZEUK ESAN da, 116111 zenbakia. Azken datuek erakusten dute gero eta gehiago erabiltzen dela.
Psikologo talde batek beharra duten gazte eta gaztetxoei entzun eta laguntza ematen dio, beste bideren batetik, agian, ez bailirateke ausartuko zuzen-zuzenean euren arazoa kontatzen.
Eusko Jaurlaritzak ipini duen baliabide bat gehiago da. Hezkuntza Sailak horren beharrean egon daitezkeen neska-mutilak telefono hori erabil dezaten animatu nahi ditu.