Gizartea -
Kanpaina transfobikoa
Chrysallisek Hazte Oir salatu du Madrilgo epaitegietan
Adingabe Transexualen Familien Elkartearen ustez, Hazte Oir plataformaren mezuek diskriminazioa bultzatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Chrysallisek (Adingabe Transexualen Familien Elkartea) Hazte Oir elkartearen aurka salaketa aurkeztu du Madrilgo Instrukzio Epaitegietan "adingabe transexualen aurka egiten ari den gorroto kanpaina" dela-eta.
Chrysallisen aburuz, elkarte ultrakatolikoak martxoaren 3an kaleratutako autokarabanak, "Neskek bulba al dute? Mutilek zakila al dute?" mezua igortzen duenak, ukatu egiten du adingabe transexualen nortasuna.
Chrysallis bat dator Madrilgo Lurralde Fiskaltzarekin; izan ere, horien iritzian, Hazte Oir elkarteak hasiera batean autobus baten bidez zabaldu zituen mezuek ("Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engainatu. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala izaten jarraituko duzu") diskriminazioa sustatu eta pertsonen duintasuna urratzen dute bere sexu-nortasunarengatik.
Chrysallisen ustez, autokarabanaren mezuak autobusak igortzen zituenen jarraipen hutsa dira, eta Chrysallisek EAEn eta Nafarroan zabaldu zuen lelo "integratzaile eta ez diskriminatzailea"ri aurka egiteko kanpaina besterik ez da.
Chrysallisek martxoaren 3an aurkeztutako salaketan jasotzen denez, Hazte Oir elkartearen kanpainak adingabe transexualak gutxiesten ditu, "publikoki umiliatu eta mespretxatzen ditu, jaiotzen direnean sexu-organoak aintzat hartuta esleitzen zaien sexuarekin bat ez datorren sexu-nortasuna duten pertsonen taldekoak izategatik".
Chrysallisen arabera, delitutzat jotzen diren eta Zigor Kodearen 510. artikuluak jasotzen dituen jarrerak izan ditu elkarte ultrakatolikoak. Izan ere, Chrysallisek azaldu duenez, hainbat haur transexualek zenbait eraso jasan dituzte, "kasualitatez" Hazte Oir elkarteak kanpaina abiatu ostean; eraso horietako batean, "ikastetxe batean, zenbait klasekidek prakak jaitsi dizkiote haur transexual bati".
Bestalde, adingabe transexualei erakutsitako babesa eskertu nahi izan du Chrysallis elkarteak, eta horien eskubideen alde "indar gehiagorekin borrokatzen" jarraituko dutela gaineratu du.