Gizartea -
transfobiaren aurkako martxa
Ehunka pertsona batu dira Iruñean transfobia errefusatzeko
E28J plataformak deituta, arbuiatu egin dute Hazte Oir elkarte ultrakatolikoak adingabe transexualen gainean martxan jarri duen kanpaina.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagunek egin dute bat gaur arratsaldean, E28J plataformak deituta, aniztasunaren alde eta transfobiaren aurka Iruñean egin den manifestazioarekin. Hain zuzen ere, Hazte Oir elkarte ultrakatolikoak adingabe transexualen gainean martxan jarritako kanpaina gaitzetsi nahi izan dute.
Martxaren buruan "trans" kolektiboaren bandera bat eta "Nafarroa: aniztasunaren lurraldea. Transfobiarik ez"·zioen pankarta ikus zitezkeen, eta haren atzetik joan dira, besteak beste, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea.
Nafarroako beste hainbat legebiltzarkide ere bertan izan dira: Laura Perez (Podemos), Koldo Martinez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz (EH Bildu), kasu.
Xabier Sanchez E28J eta Kattalingune plataformetako bozeramaileak hedabideei adierazi dienez, Hazte Oir elkartearen autobusarekin gertatutako polemika "anekdota hutsa da"; alabaina, berari esker, haurren transexualitateari buruz Chrysallis elkarteak egindako kanpaina "inoiz baino biziago dirau".
Transexualitatearena "diskriminatua eta ezkutatua izan den errealitatea" izan dela nabarmendu ostean, errealitate hori ikusgarri bihurtzeko "urrats handiak" ematen ari dela gaineratu du Sanchezek.
Bere aldetik, Erika Salvatierraren esanetan (E28J eta Kattalingune plataformetako beste partaide bat), gaurko mobilizazioaren asmoa hauxe izan da: "argi eta garbi adieraztea Nafarroak ezezkoa esaten diola transfobiari, ez diogula inongo autobus transfobikori gure lurraldean sartzen utziko, anitzak garelako, pluralak garelako eta aldarrikatu egingo dugulako".
Zentzu horretan, Salvatierrak Chrysallis Euskal Herria elkartearen kanpaina goratu du, bertan "era pluralean aldarrikatzen baita badirela zakila duten zakila duten neskak eta bulba duten mutilak". Azpimarratu duenez, "sexu edo genero identitatea ez da erabakitzen den gauza bat, ez da kapritxo bat, baizik eta horrela jaiotzen gara eta hala izan nahi dugu".
"Utzi egin behar diegu neska eta mutiko horiei, nerabe horiei eta pertsona heldu horiei bakoitza garen modukoak izaten", baieztatu du.