Gizartea -
Delitua
Zazpi grafitilari atxilotuta, 550.000 euroko kalteak eragitea egotzita
Graffitiak egin aurretik ingurua aztertu eta ekintza guztia zehatz-mehatz planifikatzen zuten. Ondoren, Interneten zabaltzen zuten
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Polizia Nazionalak zazpi grafitilari atxilotu ditu ostiral honetan (sei Burgosen eta beste bat Bilbon) 106 trenetan kalteak egitea leporatuta. Poliziak jakinarazi duenez, 551.218 euro suposatuko lukete kalte horiek. Atxilotuak taldean aritzen ziren, eta ondorengo hirietan egin ohi zituzten graffitiak: Burgosen, Bizkaian, Gipuzkoan, Cartagenan (Murtzia), Madrilen eta Valentzian.
Antza denez, graffitiak egin aurretik ingurua aztertu eta ekintza guztia zehatz-mehatz planifikatzen zuten. Egun batzuk lehenago, segurtasun kamerak non zeuden ikusteko hurbiltzen ziren lekura. Era berean, segurtasunaz arduratzen ziren pertsonen mugimenduak aztertzen zituzten. Gauez egin ohi zituzten graffitiak, aurpegia estalita zutela.
Poliziak egindako ikerketari esker, taldekideen artean lana banatzen zutela jakin ahal izan dute: lau-bost lagun trenak marrazten zituzten, seigarren batek ingurua zaintzen zuen eta beste batek guztia grabatzen zuen, ekintza hori bukatutakoan Interneten zabaltzeko.
Ostiral honetan atxilotu dituzten pertsonen artean, Espainiako Polizia Nazionalak soberan ezagutzen duen graffiti egile bat dago: aurretik 22 aldiz inputatu dute eta 114.835 euroko kalteak eragin ditu. Alemanian, Frantzian, Mexikon, Argentinan eta Portugalen ere trenak margotzen ibili da.
2015eko urrian hasi zuten ikerketa, Urduñan, Zumarragan, Cartagenan, Madrilen, Valentzian eta Miranda de Ebron trenak marraztu zituztela ohartu ostean.