Gizartea -
Autobus transfobikoa
Hazte Oirrek galdera ikurrak gehitu dizkio mezuari, debekua saihesteko
Autokarabanak bere bideari ekin eta gutxira, Udaltzaingoak geldiarazi egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mezu transfobikoari galdera ikurrak gehituta, Hazte Oir talde ultrakatolikoak autokarabana bat aurkeztu du gaur, transexualitatearen kontrako kanpainarekin jarraitzeko.
Ignacio Arsuaga elkarteko presidenteak gidatu du autokarabana A-1 errepidetik Cibeles plazara, eta han Madrilgo Udaltzaingoak ibilgailua geldiarazi du. Ibilgailuak Publizitateari buruzko Madrilgo Ordenantza errespetatzen duen ala ez zehaztuko dute orain.
Arsuagak abiatu aurretik esana zuen ibilgailua geldiarazten bazioten Manuela Carmena Madrilgo alkatearen kontrako auzia aurkeztuko duela, adierazpen askatasunerako eskubidea urratzea argudiatuta.
Hazte Oir taldeak adierazpen askatasunerako eskubidea aldarrikatu du
Kolore laranjako autokarabanak mezu hau du idatzita bi aldeetan: "Ez ditzatela zure haurrak manipulatu ikastetxean. Informatu zaitez irakurtzea nahi ez duten liburuarekin. Mutilek zakila dute? Neskek alua dute?". Era berean, "Ez zaitzatela engaina" esaldia ezabatu dute eta "Mutilek zakila dute. Neskek, alua" mezuari galdera ikurra erantsi diote.
Aste honetan geldiarazi duten autobus transfobikoari dagokionez, taldeak mezua estaliko du Madrilen eta Valentzian aurreikusita zuen ibilbidearekin jarraitzeko. Azaldu dutenez, litekeena da bigarren autobus bat kalean izatea.
"Beste lelo batekin ateratzea erabaki dugu, galdera ikur bat jarri dugu adierazpen askatasunerako gure eskubidea gauzatu ahal izateko", esan du Arzuagak ibilgailu berriaren aurkezpen ekitaldian. Halaber, ukatu egin du transexualen kolektiboari iseka egiten ari direla.
"Guraso garenok seme-alabak gure kontzientziaren baitan hezteko dugun eskubidea defendatzea da kanpaina honen helburu nagusia. Horretarako, gizartea mobilizatu nahi dugu ezarri zaigun errealitatearen jakitun izan daitezen", gaineratu du.
Bestalde, martxoaren 12an adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa deitu dute Madrilen.