Gizartea -

TRANSFOBIA

Nafarroako Parlamentua, autobus transfobikoaren etorreraren aurka

Dagozkion neurriak har ditzala eskatu dio Foru Gobernuari, autobusa Nafarroara iritsi eta bertan kanpaina egin dezan saihesteko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ostegun honetan aho batez onartu duen adierazpen instituzionalean jasotakoaren arabera, erakunde horrek arbuiatu egiten du Hazte Oir elkartearen autobus transfobikoa Foru Erkidegotik igarotzea.

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta I-E alderdiek aurkeztutako adierazpenak dagozkion neurriak har ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, autobusa Nafarroara iritsi eta bertan kanpaina egin dezan saihesteko; izan ere, "aniztasunarekiko errespetuaren aurkakoa da, bereziki sexu aniztasunaren aurkakoa, eta transexualen kolektiboari zor zaion errespetua urratzen du".

Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak "pertsona transexualek dituzten eskubideak babestu eta aitortzen" dituela jaso du gaur onartutako agiriak, eta, bertan, aipamen berezia egin zaie adingabe transexualei, "diskriminatuak ez izateko zein euren errealitatea ulertua izateko" duten eskubideari erreferentzia eginda.

Bozeramaileen Batzordearen bilera amaitu ostean, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak nabarmendu duenez, "Parlamentuak zeharo baztertzen du autobus transfobikoa Nafarroara etortzea". Horren arabera, nahiz eta alderdi guztiek ez duten adierazpena sinatu, PPNk aldeko botoa eman du, eta, hortaz, "guztien adostasunarekin onartu da".

Aznarezen esanetan, Parlamentuak "errefusatu egiten du adingabe transexualen aurkako edozein motatako jazarpen", eta pozik azaldu da "Nafarroako Parlamentuak adingabe transexualen kontrako edozein erasoren aurka dagoelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Alderdi politikoak berriak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentuko albisteak