Gizartea -
Erreskatea
Balkoitik zintzilik zegoen haur bat erreskatatu dute Alacanten
Bost urteko haurra etxean bakarrik zegoen, 'oso beldurtuta'. Haren ama atxilotu dute, adingabeak abandonatzea leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suhiltzaileek zazpigarren solairuko balkoi batetik zintzilik zegoen bost urteko haur bat erreskatatu dute Alacanten.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, adingabea bakarrik zegoen etxean, eta suhiltzaileek erreskatatu duten unean "oso beldurtuta" zegoen.
Hiri erdiguneko Luceros plazan zeuden herritarrek eman diete abisua larrialdi zerbitzuei.
Erreskatea egiteko saski moduko bat duen eskailera bat erabili dute suhiltzaileek. Bi suhiltzaile haurra zegoen balkoira gerturatu dira eta saski barrura sartu dute. Haurra onik dago.
Gertaeraren nondik norakoak ikertzen ari dira.
Poliziak haurraren ama atxilotu du adingabeak abandonatzea leporatuta, eta gaur goizean zehar deklaratuko du agenteen aurrean.