Gizartea -
Autobus transfobikoa
Bilboko alderdi politikoak, PP salbu, HazteOirren kanpainaren kontra
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak argi utzi du Udalak bitarteko guztiak erabiliko dituela haren ibilbidea oztopatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Hazte Oir elkartearen autobusak Bilboko kaleetan ez duela lekurik esan dute asteazken honetan Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, pertsona transexualen eskubideak urratzen dituela arrazoituta.
Chrysallis elkarteak adingabe transexualen errealitatea normalizatzeko kanpainari emandako erantzuna da autobus hori. "Mutilek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina" lelopean, Hazte Oir plataforma ultrakatolikoaren autobusak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu martxoaren 9an eta 10an. Arrazoi horregatik, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok adierazpen bateratua sinatu dute.
Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiak, PP salbu, Hazte Oir plataformaren autobusaren kontra agertu dira, bilbotarrak ez datozelako bat plataforma ultrakatoliko horrek zabaltzen duen mezuarekin.
Ildo horretatik, Hazte Oir plataformaren kanpaina transfobikotzat hartu dute, ez duelako herritarren dibertsitatea errespetatzen eta gorrotoa bultzatzen duten mezuak zabaltzen dituelako. Gainera, pertsona orok erabakitzeko eskubidea duela nabarmendu dute.
Gauzak horrela, Bilboko Udaleko alderdi politikoek errespetua adierazi diete pertsona transexualei, “bereziki haurrei, benetako nortasuna identifikatzeko orduan babes handiagoa merezi dutelako”. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Udalberrik eta Ganemosek autobus hori Bilbon sartzen ez uzteko eskatu dute.
Aburto: “Gure esku ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu”
Goizean, ETB1eko “Egun On Euskadi” saioan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak argi esan du herritarrek ez dutela autobusa Bilbon ikusi nahi.
Haren ibilbidea oztopatzeko Bilboko Udalak neurririk hartuko duen galdetuta, kasua aztertzen ari direla eta Udalak bere esku dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela azpimarratu du.
Ildo horretatik, Hazte Oir plataformak haserrea eragin duen autobusa kalean aparkatzeko baimena eskatzen badie ukatuko dietela ziurtatu du Aburtok.