Gizartea -

Transfobia

Transexualen kontrako autobusa Euskal Herrian izango da martxoan

Hazte Oir plataforma ultrakatolikoak bultzatu du kanpaina. Chrysallis EH adingabe transexualen familien elkarteak gogor salatu du.

Hazte Oir plataformaren autobusa. Argazkia: EiTB
Hazte Oir plataformaren autobusa. Argazkia: EiTB
Hazte Oir plataformaren autobusa. Argazkia: EiTB

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabe transexualen normalizazioaren kontrako autobusa Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan izango da martxoan. Hazte Oir plataforma ultrakatolikoak bultzatu du, eta egunak daramatza Madrilgo kaleetan honako mezuak zabaltzen: "Mutilek zakila dute. Neskek, alua. Ez zaitzatela engaina. Gizona bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hori izaten jarraituko duzu".

Hazte Oir plataformak iragarri duenez, Iruñean abiatuko du Euskal Herrian egin behar duen ibilbidea, martxoaren 5ean eta 6an. Hilaren 7an eta 8an Donostian izango da, eta 9an, Bilbon. Martxoaren 10ean Getxon ibiliko da (Areeta eta Algorta auzoetan), eta 11n eta 12an, Gasteizen.

Chrysallis Euskal Herriak, adingabe transexualen familien elkarteak, berriki egindako kanpainari plataforma ultrakontserbadoreak emandako erantzuna da autobusa. Chrysallisek adingabe transexualen errealitatea normalizatzeko kanpaina egin zuen urtarrilean, eta "zakila duten neskatoak eta alua duten mutilak" daudela jarri zuen agerian.

EAEko eta Nafarroako autobus eta metro geltokietan eta sare sozialetan egon zen ikusgai transexualitatearen aldeko kanpaina. Eusko Legebiltzarraren, alderdien eta herritarren babesa lortu zuen kanpainak, baina haren kontrako zentsura saiakerak eta erasoak ere izan ziren.

Chrysallis EHk gaur erantzun dio Hazte Oirren kanpainari, eta "errespetua, maitasuna, eta ezagutza" aldarrikatu ditu, besteak beste.

 

 

Horrez gain, agiri ironikoa eskegi du bere webgunean. Nabarmendu duenez, "HazmeReir.org" plataformak bultzatuta du kanpaina, eta autobusean "gezurra eta ergelkeria" dabiltza. "Kaletik ikusten baduzu, ez ahaztu erdiko hatza ateratzea", erantsi dute.

Autobusa kentzeko eskaerak

Chrysallisek ez ezik, alderdi politikoek, transexualen eskubideen aldeko taldeek eta herritarrek ere egin dute kanpainaren kontra. Change.org plataforman, esaterako, 46.000 sinadura bildu dituzte autobusa ken dezaten. Madrilgo Udalari, Estatuko Fiskaltzari, Herritarren Defendatzaileari, Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari eta Publizitatea arautzen duen elkarteari zuzenduta dago eskaera.

Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidenteak uste du autobusa eta kanpaina "onartezinak" direla. Iragarri duenez, Madrilgo Abokatutza Orokorra jakinaren gainean jarri du, eta Concepcion Dancausa Espainiako Gobernuaren ordezkariari Fiskaltzaren aurrean salatzeko eskatu dio.

PSOEk, EH Bilduk, Equok eta Ezker Anitza-IUk kanpaina galaraztea eskatu diete Fiskaltzari eta agintariei, eta Rafael Hernando PPko bozeramaileak esan du Hazte Oirren ekimena "astakeria" dela.

Udalak mugitzen hasi dira

Testuinguru horretan, Madrilgo eta Bartzelonako udalek aurreratu dute galarazi egingo diotela sarbidea autobusari.

Euskal Herrian, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi du kanpaina nola galarazi aztartzen ari direla, ez baitator bat "sexu aukera guztiekin tolerantea den hiri batekin".

Donostian, Eneko Goia alkateak esan du autobusarekin “ez kolaboratzeko” moduak aztertuko dituztela, baina erantsi du sarbidea galarazteko eskuduntzarik ez duela.

Gainera, Iruñean, Udaleko bozeramaileen batzordeak arbuioa agertu dio autobusari, "aniztasunarekiko errespetuaren aurkakoa" baita. Horren haritik, Joseba Asiron alkateak iragarri du "bide guztiak" ikertzen ari direla "autobusa etor ez dadin".

Jaurlaritza, "zain"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak salatu du kanpaina “erasoa” dela homosexualen eskubideen aurka, eta “errespetua” eskatu du kolektibo horrentzat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailetik azaldu dutenez, Jaurlaritza Hazte Oirren kanpaina nolakoa izango den ikusteko “zain” dago.

Beatriz Artolazabal sailburuak agiri bat kaleratu du, eta, horretan, gogorarazi du Legebiltzarrak transexualak ez baztertzeko lege bat onartu zuela 2012an.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia argazkiak Iruñeko bideoak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gasteiz Eguneko albisteak LGTBI+ azken ordukoa Ultraeskuineko alderdi politikoak