Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
'Cabacas auzi'ko ertzainek ezer ez dutela gogoratzen esan dute
Iñigo Cabacasek heriotza eragin zion gomazko pilotakada jaso zuenean han egon ziren bi ertzainek lekuko moduan deklaratu dute. Ez dute ezer gogoratzen.
Agentziak | Erredakzioa
Jone Goirizelaia abokatuak adierazi du Iñigo Cabacasen heriotzagatik duela lau urte baino gehiago abiarazitako auzia "azken txanpan" sartu dela eta instrukzioa amaitzear dagoela.
Athleticeko jarraitzaile gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, egun batzuk lehenago Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek buruan jota.
Bilboko Auzitegiaren kanpoaldean egin ditu adierazpen horiek Goirizelaiak; izan ere, gaur bi ertzainek deklaratu dute bertan lekuko gisa. 2012ko apirilaren 5ean, gertakariaren tokian izan ziren biak, kalez jantzita. Auzi honetan sei ertzain daude auzipetuta.
Nolanahi ere, Iñigo Cabacasek heriotza eragin zion gomazko pilotakada jaso zuen gau hartaz ezer ez dutela gogoratzen esan dute epaitegian. Ertzaintzaren furgonetarik egon ote zen ere ez dakitela adierazi dute, gertakarien unean han izan baziren ere.
Saio honen aurretik, 'Iñigo Gogoan' plataformak elkarretaratzea egin du Bilboko Auzitegiaren atarian. Bertan izan dira, besteak beste, Manuel Cabacas eta Fina Lizeranzu gurasoak, Jone Goirizelaia abokatua, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta EH Bilduko hautetsiak.
Manuel Cabacasek aitortu du "lur-jota" daudela, semearen heriotza nola ikertzen ari diren ikusita. Polizia-operazio hura zuzendu zuen ertzain-burua ('Ugarteko') auzipetzeko itxaropen txiki bat zuten, baina horrelakorik egitea baztertu egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, 'Ugarteko' inputatzea "absurdua" izango litzatekeela iritzita.
"Nire ustez absurdua horrelako fiskalak eta epaileak egotea da; lotsagarria da, hau ez da justizia. Iñigorena argitu egin behar dute, justizia kenduko digute, baina denek dakite zer gertatu zen", azpimarratu du.