Gizartea -
Arrazakeria futbolean
Irain arrazistak jasan zituen Real Unioneko jokalaria zigortu dute
Thaylor Lubanzadiok liskarra izan zuen marrazainarekin; bere kontrako irain arrazistak entzun arren ezer egin ez zuela leporatu zion eta horregatik zigortu dute orain.
Agentziak | Erredakzioa
Thaylor Lubanzadio Irungo Real Unioneko jokalariari lau partidako zigorra eta 600 euroko isuna jarri diote, Atletico Saguntino taldearen kontrako partidan marrazainarekin izan zuen liskarra dela eta.
Irungo Gal estadioan jokatutako Bigarren Mailako partidan, Saguntinoko jokalari batek irain arrazistak egin zizkiola salatu zuen atzo Lubanzadiok.
"Beltz putakumea" eta "beltz zikina" bezalako oihuak egin zizkiola eta epaileak eta marrazainek inolako neurririk hartu ez zutela kontatu zuen.
Zelaitik negarrez alde egin zuen, "amorruak eta ezintasunak" eraginda. Aldageletara bidean eztabaida izan zuen marrazainetako batekin, dena entzun arren ezer egin ez izana leporatu zion eta "kakati" deitu ziola aitortu du.
Marrazainak aldageletara bidean gertatutakoa aktan jaso zuen: "Partida amaituta, aldageletara bidean, Real Unioneko 15 zenbakidun jokalaria lehen marrazainarengana hurbildu zen, atzamarra aurpegitik zentimetro gutxira jarrita, hari bultza eginda eta partidan izandako jazoera bat leporatuta. Une horretan, segurtasunerako indarrak bertaratu dira eta jokalaria heldu egin dute".
Gauzak horrela, Espainiako Futbol Federazioak lau partidarako zigorra eta 600 euroko isuna ezarri dio Lubanzadiori, Real Unionek ohar bidez jakinarazi duenez.