Gizartea -

Salaketa publikoa

Real Uniongo jokalari baten kontrako irain arrazistak salatu dituzte

Irungo Real Union eta Saguntino taldeek asteazkenean Irunen jokatutako futbol partidan, aurkari batek 'beltz putakumea' deitu zion Thaylor Lubanzadiori.

Thaylor Lubanzadio Eibarrek utzita ari da jokatzen Real Unionen. Argazkia: sdeibar.com
Thaylor Lubanzadiori elkarrizketa, irain arrazistak jasan ostean

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eibarrek utzita aurtengo denboraldian Real Union taldean jokatzen ari den Tahylor Lubanzadio jokalari bilbotarrak irain arrazistak jasan zituen atzo, asteazkena, Irungo taldeak eta Atletico Saguntinok Gal estadioan jokatutako Federazio Kopako finalerdietako joaneko partidan.

Jokalariak, bere egungo taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo gertatutakoaren salaketa publikoa egin dute -aurkari batek "beltz putakumea" deitu zion, neurketako epailearen pasibotasunaren aurrean-.

Thaylor Lubanzadiok ETBri kontatu dio gertatutakoa: "Beste jokalaria nigana etorri zen eta irainka hasi zitzaidan 'beltz putakumea', 'beltz zikina' eta 'ni zu baino gehiago naiz' bezalakoak esanda. Arbitroa ondoan zegoen eta jokalari hori kanporatzeko eskatu nion, dena entzun zuelako”.

"Negarrez hasi nintzen. Oso gogorra da gertatu zena. Min asko egin zidan", azpimarratu du.

Lubanzadiok salaketa jarriko du auzitegian eta irain egin zion jokalaria zigortzea eskatu du, "horrelako pertsonak futbolean egon ezin direlako".

Neurketa zuzentzeko ardura izan zuten hiru epaileen pasibotasunaren aurrean jokalariak bere kexa agertu zien partidaren amaieran, eta tentsioz beteriko uneak bizi izan ziren bi taldeetako jokalarien artean. Hori dela eta, Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen.

Partidaren amaieran Real Union taldeak bere elkartasuna adierazi zion jokalariari Twitter sare sozialaren bitartez, eta jokalariaren defentsan behar diren neurriak hartzeko asmoa agertu zuen.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak oharra kaleratu du eta bere "elkartasuna eta maitasuna" agertu dio Real Uniongo jokalariari. Ildo horretan, Denis Itxaso Kirol diputatuak bisita egingo dio jokalariari arratsaldean.

Brian Thaylor Lubanzadio Aldamak 23 urte beteko ditu aurten. Bilbon jaioa da, eta Danok Bat taldearen harrobian hazi ostean, Celta B, Logroñes, Eibar eta Real Union taldeetan jokatu du.

Eibarrek “babesa” adierazi dio Lubanzadiori

Eibar Kirol Elkarteak Thaylor Lubanzadioren kontrako irain arrazistak errefusatu eta gaitzetsi ditu. Era berean, futbol elkarte horrek errespetuan oinarritutako balioak bultzatzen dituela esan du. Gauzak horrela, bere babesa adierazi dio Real Uniongo jokalariari, eta epaitegietako bidea hartzea erabakiko balu, laguntza emateko prest agertu da.

Sare sozialen bidez pertsona askok elkartasuna adierazi diote Real Uniongo jokalariari. Halaber, beste futbol elkarte batzuk Lubanzadioren kontrako irain arrazistak gaitzetsi dituzte, hala nola, Leioak, Navalcarnerok, Bidasoa Kirol Elkarteak eta Retabet GBC saskibaloi taldeak.

Halaber, irain arrazistak “jasanezinak” direla esan du Jose Antonio Santano Irungo alkateak, eta kirolean mota horretako portaerak bazter daitezen eskatu du.

Beste alde batetik, Denis Itxaso Gipuzkoako Kirol diputatua eta Goizane Alvarez Kirol arduradunak  bisita egin diote Thaylor Lubanzadiori. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean babesa adierazi diote Real Uniongo jokalariari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Kirolak Arrazismoa albisteak Irun bideoak Eguneko albisteak