Gizartea -

Hezkuntza

Epaile batek atzera bota du Iruñeko bi haur eskolen eredu aldaketa

Guraso talde batek Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolen eredu aldaketaren kontra jarritako helegitea aintzat hartu du epaileak. Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkeztu daiteke.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak atzera bota du Iruñeko Udalak hiriko bi haur eskoletan (Donibane eta Printzearen Harresi) euskarazko eredua ezartzeko hartutako erabakia.

Udalak 0-3 urteko hezkuntza eskaintza berrantolatu zuen eta euskarazko eskaintza handitu zuen (164 plazatik 408ra) eta gaztelerazkoak gutxitu (203 plaza kenduta).

Eredu linguistikoaren aldaketaren aurka guraso talde batek helegitea aurkeztu zuen eta epaileak aintzat hartu du.

Epaiaren arabera, Udalak egindako aldaketa "berregituraketa soil bat" baino gehiago da eta "modelo linguistikoa aldatu da". Ildo horretan, hizkuntza eredu aldaketa egitea Udalaren eskumena baino Nafarroako Gobernuarena dela iritzi dio. Ez hori bakarrik, aldaketak gurasoen "borondatearen printzipioa" urratzen duela adierazi du epaileak.

Epaia ez da irmoa eta, beraz, helegitea aurkeztu ahal izango dute aldeek.

Iruñeko Administrazio Auzietarako epaitegiak emandako epaia “aurreikusi” zitekeela esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Ildo horretatik, Udalak helegitea jarriko duela iragarri du.

Arratsaldean egindako agerraldian Asironek azaldu duenez, epaitegi horrek antzeko beste epai bat eman zuen iaz. Gauzak horrela, aurreikusi zitekeen erabakia hartu duela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak