Gizartea -
lan Eskaintza Publikoa
Ostiralean irekiko da Hezkuntzako LEPan izena emateko epea
Otsailaren 24tik martxoaren 15era (biak barne) izango da zabalik, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistrentzako 740 plaza eskainiko dira bertan.
Erredakzioa
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Euskadiko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesua deitu duen Agindua, Haur eta Lehen Hezkuntzarako 740 plaza eskaintzen dituena. Deialdi hori argitaratu ondoren, Hezkuntza Sailak bihar (otsailak 24, ostirala) irekiko du eskaerak aurkezteko epea. Martxoaren 15era arte egongo da zabalik epe hori.
Hezkuntza Sailak maisu-maistrentzako 740 plaza eskainiko ditu (Haur eta Lehen Hezkuntzan), espezialitateen arabera honela banatuta:
Haur Hezkuntza: 227 Lehen Hezkuntza: 252Ingelesa: 57 Gorputz Hezkuntza: 37Musika: 36 Hezkuntza Berezia. Pedagogia Terapeutikoa: 105 Hezkuntza Berezia. Entzumena eta Hizkuntza: 26
Lehen proba, ekainaren 17an, BECen
Oposizio-aldiak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egituratuko da. Proba bakoitza kanporatzailea izango da. Bi probetan lehenak, ekainaren 17an Bilbao Exhibition Centre (BEC) aretoan egingo denak, aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea izango du helburu.
Lehendabiziko probaren lehen zatian, hautagaiek idatziz garatu beharko dute gai bat, espezialitate bakoitzeko gai-zerrendatik epaimahaiak ausaz aukeratutako gaietako bat, hain zuzen ere. Bi ordu izango dituzte proba hori egiteko.
Ondoren, bigarren zatian, proba praktikoa izango dute (hori ere idatziz egin beharrekoa), hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko.
Lehen probaren zati biak gainditzen dituztenek bigarren proba egin ahal izango dute. Bigarren proban, aurrez (maiatzean) entregatu behar izan duten programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu beharko dute hautagaiek epaimahaiaren aurrean ahoz, eta, ostean, unitate didaktiko bat aurkeztu beharko dute.
Hautagaiek kontuan izan beharreko egutegia:
- Eskaerak betetzeko epea: otsailaren 24tik martxoaren 15era (biak barne).- Programazio didaktikoa aurkezteko epea: maiatzean irekiko da.- Merezimenduak aurkezteko epea: maiatzean irekiko da.- Lehen proba: ekainaren 17an, BECen.