Gizartea -
Sariak
Munduko 50 jatetxe onenen sari banaketa Bizkaian egingo dute 2018an
Sariak banatzeko ekitaldi guztiak Londresen egin dira, iazkoa izan ezik, New Yorken izan baitzen. Munduko mila bat sukaldarik aukeratzen dute jatetxe onenen zerrenda.
EITB
Munduko 50 jatetxe onenen sari banaketa Bizkaian egingo da 2018. urtean, ETBk jakin ahal izan duenez. Restaurant aldizkari britainiarrak urtero banatzen dituen sari ospetsuak dira, eta lau euskal jatetxek zerrenda horretan agertzea lortu dute.
Sariak banatzeko ekitaldi guztiak Londresen egin dira, iazkoa izan ezik, munduko jatetxe onenen sari banaketa New Yorkek antolatu baitzuen.
2016ko ‘The World's 50 Best Restaurants’ zerrendan lau euskal jatetxe sailkatu ziren. Zehazki, Azurmendi jatetxeak (16. postua) eta Etxebarri Erretegiak (10. postua) gora egitea lortu zuten. Arzak (21) eta Mugaritz (7) jatetxeak ere munduko onenen artean agertu ziren.
Bestalde, Osteria Francescana jatetxe italiarra izendatu zuten iaz munduko jatetxerik onena, Roca anaiek Gironan duten Celler de Can Roca jatetxea atzean utzita.
Aurten Melbournen (Australia) banatuko dituzte munduko 50 jatetxe onenen sariak, baina datorren urtean Bizkaiak antolatuko du ekitaldi hori. Munduko mila bat sukaldarik aukeratzen dute jatetxe onenen zerrenda.